Xabi San Sebastianek kontzertua eskainiko du larunbatean, Ereñotzun

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 7a, 00:00
'Betazalak' lana aurkeztuko du San Sebastianek.

Ereñotzuko aretoan eskainiko du kontzertua San Sebastianek, 19:30etan.

Xabi San Sebastian musikari donostiarraren ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute ereñotzuarrek, apirilaren 13an. Olak Auzo Elkarteak antolatu du jarduera, eta Ereñotzuko aretoan eskainiko du kontzertua San Sebastianek, arratsaldeko 19:30etan. 

Donostiarraren bosgarren diskoko emanaldia izango da; 'Betazalak' lanarena, hain zuzen. Horretarako, ohiko bost laguneko taldea igoko da oholtzara: San Sebastianek jarriko ditu ahotsa eta gitarren doinuak, Karlos Arancegui ariko da baterian, Nando Neira kontrabaxuan eta baxuan, Satxa Soriazu teklatuetan, eta Gari Otamendi biolinarekin eta biolarekin. 

San Sebastianek berak zehaztu duenez, 'Betazalak' diskoak jasotzen ditu «tantaz tanta destilatutako hamar kantu berri». Eta folk kantautoreen ildoa jarraituz, «soinu akustiko finez jantzitako letra poetiko-politikoak» landu dituzte Xabi San Sebastianek berak, Harkaitz Canok, Beñat Gaztelumendik eta Iñigo Astizek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!