Iazko abenduan gauzatu zuen Aranzadi Zientzia Elkarteak Sagastietako Lepua III trikuharriko indusketa arkeologikoaren lehenengo fasea. Dagoeneko aurkeztu dute lehenengo txostena, eta aste honetan bertan jarriko dute martxan proiektuaren bigarren fasea.
Lehenengo fasean egituraren ezaugarri orokorrak behatu dituzte, egitura osoarekin lan eginda: «Lana, hasiera batean, behatutako aztarnen gainean dagoen landaredia kentzea izan da [...] Arkeologia lanak egiaztatu du sakonune irregular bat dagoela egituraren erdigunean, eta haren mugak zehazten saiatu gara», azaldu dute Zientzia Elkartetik.
Aranzadiko ikerlariek bigarren faserako proposamena ere aurkeztu dute Ereñotzuko Auzo Udalean: «Lanak jarraitzeko, eta egituraren ikerketa bukatzeko, lehenengo neurria arpilatze sakonunea induskatzea da, balizko hilobi ganberaren hondakinak identifikatzeko».
Aste honetan hasiko diren lanak Aranzadiko bi arkeologok zuzenduko dituzte: Manu Ceberiok eta Jesus Tapiak. Trikuharria Akolako gain gainean kokatuta dago, eta lan arkeologikoetan parte hartzeko aukera dute inguruko bizilagunek ere. Horretarako, aurretik izena eman beharko dute historiaurrea@aranzadi.eus helbide elektronikora idatzita.