Zer suposatu du zure bizitzan emakume izateak?
Gure etxean emakume artean bizi izan gara beti. Gu bi ahizpa gara, gure amak bere ahizpekin erlazio oso estua dauka, bi amonak ezagutu ditugu... emakume artean ibili gara beti. Ez dakit esaten anai bat eduki izan banu ikuspegia aldatuko litzatekeen ala ez, baina nik etxean ez dut lan gehiago egin behar izan emakumea izateagatik. Adinaren arabera nahi eta ahal dudana egiteko aukera izan dut, gurasoek jarritako ohiko mugekin, ez besterik. Gaztetan hasi nintzen lanean, independente xamarra izan naiz, eta eduki beharreko mugak bakarrik sumatu ditut. Ez dut inoiz entzun 'kontuz honekin' edo 'kontuz bestearekin'. Hala ere, errepikatzen dut ez dakidala gizonen presentzia haundiagoa izan balitz horrelako ikuspegia izango nukeen.
Politikaria zara, Ereñotzuko Auzo Udaleko arduraduna. Emakume izateak badu berezitasunen bat?
Ez nuke esango Ereñotzun Auzo Udalean aldaketa nabarmenik egon denik, orain artean ez baita bereizketarik izan. Ez dut nire burua emakume politikari gisa ikusten. Kontua da, Ereñotzu bezalako auzo batean, denek pasa behar dugula noizbait horrelako arduretatik. Aurreko legegintzaldian ere Auzo Udalaren parte izan nintzen, baina beste modu batera, juntakide gisa. Beste arlo batean murgildu nintzen, gizartearekin eta hezkuntzarekin lotutako gaietan bereziki, eta orain beste aldera pasa naiz, alde teknikoago batera. Zentzu horretan, erronka pertsonala izan da, eta oso gustura nago. Era berean, ikasketa prozesu konstantea dela esango nuke. Nire kasuan, eta Ereñotzun, emakume izateak ez du eraginik izan.
Nolakoa izan da Ereñotzuko Auzo Udalean emakumeen ahalduntze prozesua. Ikusi duzu bilakaerarik?
Hasierako prozesuan ni ez nintzen egon, ez nintzelako Ereñotzun bizi. Baina dakidana da hasieratik egon direla emakumeak Auzo Udalean, prozesuaren hasieratik. Ez dakit zenbateraino zeuden sartuta, baina bai, esan dezakegu hasieratik egon dela emakumeen irudia Ereñotzuko Auzo Udalean.
Gerora beste gauza batzuk ere ikusi ditugu. Auzo Elkarteak hauteskundeen aurretik bozketa bat egiten du, elkartea osatuko duten kideak zeintzuk diren zehazteko. Une honetan, bederatzi pertsonako lan taldetik zazpi gara emakumeak. Zifra esanguratsua da, harro egoteko modukoa. Horrek erakusten du auzoan badagoela emakumeen mugimendu bat.
Nola ikusten duzu mugimendu feminista Ereñotzun?
Guraso elkarteko kide modura, esan behar dut gehiengoa emakumeak garela, amak asko mugitzen ari gara.
Egia da sortzen denean auzolanen bat gizonezkoak agertzen direla, baina zerbait antolatu behar bada, edo eskolan formakuntza bat antolatzen badu guraso elkarteak, emakumeak gara bertaratzen garenak.
Ereñotzuren kasuan, ez dago finkatutako mugimendu feministarik. Hala ere, uste dut mugimendua egon badagoela. Orain, adibidez, martxoaren 8aren baitan, Olak Auzo Elkarteak eta Katiluzar Guraso Elkarteak antolatu dute egitaraua. Hor ikusten da mugimendua badagoela. Auzo Udaletik ere bat egingo dugu egun horretarako antolatutako dinamikekin.
Emakume erreferentetzat daukazu zure burua?
Zenbait eremutan bai. Nire seme alabentzat bai, dudarik gabe. Familiarentzat ez dakit zein punturaino, nire gurasoentzat ez dakit erreferente naizen ala ez, agian zentzu batzuetan bai. Baina argi daukat seme alabentzat erreferente naizela eta izan nahi dudala.
Zer uste duzu gelditzen dela oraindik egiteko?
Ereñotzuri dagokionez, uste dut auzo mailan orekatua dagoela guztia. Gaien araberakoa da aldaketa, eta horren arabera ikusten dira desberdintasunak.
Datozen belaunaldiei zer esango zenieke?
Jarraitzeko nahi duten bidea. Dudarik gabe hori egiteko. Oztopoak izango dituzte, baina bidea egiten jarraitu behar dute ilusioarekin.