Epeleko etxeen historia eta istorioak ezagutzeko paseoa, gaur goizean

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 25a, 00:00
Epelen barrena egingo dute bigarren ondarebidea, gaur.

Bigarren ondarebidea osatuko dute, Olak Auzo Elkarteak antolatuta, 11:00etan Epeletxotik abiatuta.

Zalantzan izan dira egunotan, baina azkenean eguraldiak ez du zapuztuko Ondarebideak ekimenaren bigarren saioa, gaur goizean. Olak Auzo Elkarteak antolatuta, Epelen barrena egingo dute bigarren paseoa, bertako ondarea ezagutzeko.

Goizeko 11:00etan jarri dute hitzordua Epeletxon, eta Ereñotzutik joatekoak direnak ordu laurden lehenago elkartuko dira auzoan, 10:45etan, ahalik eta ibilgailu gutxienetan bertaratzeko. Epeletxotik abiatuta, bisitatuko dituzte Etxeberri, Irubide, Borda, Epele Torre, Errota eta Añua Berri, haien historia eta istorioak ezagutzeko, bertako bizilagunen eskutik. Bukaeran, gainera, mokadua egingo dute Epeleko aterpean.

Horixe da Ondarebideak ekimenaren helburua, hain juxtu: Ereñotzuko ondarea paseatuz ezagutzeko ibilbideak dira. Auzotarrak elkartu eta, ibilbide bat osatuz, leku horretako kontuen eta istorioen azalpenak jasotzen dituzte, bertako bizilagunen eskutik. Aurreneko saioa iazko azaroan egin zuten, Fagollagan eta Lastaolan barrena; eta 40 bat haur eta heldu elkartu ziren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!