«Konpetentzia haundiagoa nabaritu dut maila honetan, baina egindako lana plazan erakusten saiatuko naiz»

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 24a, 00:00
Igoin Pikabea Gipuzkoako Txapelketan, Ereñotzuko frontoian.

Urrezko Aizkolarien Gazte mailako finalean arituko da bihar Igoin Pikabea ereñotzuarra. 45 ontzako lau enbor ebaki beharko ditu Azpeitiko Izarraitz pelotalekuan, eta «sentsazio onekin» iritsi da azken egunera.

22 urtez azpiko Urrezko Aizkolarien Banakako finalean arituko da bihar Igoin Pikabea ereñotzuarra, 12:00etatik aurrera. Oñatiko finalaurrekoan lortu zuen sailkapena, 45 ontzako bi enbor 2 minutu eta 37 segunduan ebakita, eta Azpeitiko Izarraitz pelotalekuan lehiatuko du bihar. 

Pikabearekin batera, hiru aizkolari arituko dira final haundian: Aritz Oiarbide, Jokin Larrieta eta Jon Erdozia. Egin beharreko lanak, berriz, bikoitzak izango dira, oraingoan 45 ontzako 4 enbor ebaki beharko baitituzte aizkolariek. Ereñotzuarra etxekolanak ondo eginda doa finalera: «Plazan egin beharreko lanak egiten aritu naiz etxean, eta iruditzen zait ondo moldatzen naizela neurri horretan. Horrek gogoa eta motibazioa gehitzen dit».

Aurreko denboraldian emaitza bikainak lortu zituen Pikabeak. Oraingoan koska bat gorago ari da lehiatzen, eta maila ona ematen ari den arren, segituan nabaritu du lehiakideak gogorragoak direla orain: «Sentsazio onekin nabil, baina konpetentzia gehiago dagoela nabaritu dut. Kanporaketetan ikusi da jendea maila oso altuan datorrela, eta gorantz doala. Fisikoki ondo sentitzen ari naiz eta etxean egindako lanak plazan erakusten saiatuko naiz». 

 

Maila haundiko finalak

Gazteen mailako finalaz gain, Urrezko mailako finalak ere bihar bertan jokatuko dituzte. XXIV. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan ondorengo hiru bikoteak arituko dira Izarraitzen: Iker Vicente-Arkaitz Etxebeste, Eneko Otaño-Julen Larrea III eta Hodei Ezpeleta-Jokin Urretabizkaia 'Basozabal'. 

Urrezko Harrijasotze Txapelketari dagokionez, binakako finala izango da gizonezkoetan. Bertan arituko dira Lartain-Urra, Diaz-Olaizola eta Goenatxo III-Izeta IV bikoteak. Emakumezkoen txapelketan, berriz, banaka lehiatuko dute Ainitze Zumetak, Karmele Gisasolak eta Lierni Osak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!