Ospakizun konpletoa Ereñotzun, martxoaren 8aren bueltan

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 22a, 00:00
Ekitaldi berezia egin zuten joan den urtean ere, martxoaren 8an.

Dantza saioa, manifestazioa eta poesiaz bustitako afaria egingo dituzte Emakumeen Egunean.

Olak Auzo Elkarteak eta Katiluzar Guraso Elkarteak antolatuta, ospakizun konpletoa prestatu dute Emakumeen Egunerako. Martxoaren 8an bertan izango dira ekintza gehienak. Hasteko, 'Gure aldaka, gure lekua' saioa egingo dute Txirrita eskolako patioan, arratsaldeko 15:45etan hasita: «Erritmo eta dantza afrikar modernoen bitartez, aldakak mugituko ditugu, gure lekua hartzeko. Aldaka guztiek dute lekua munduan eta zureak ere bai!», luzatu dute parte hartzeko gonbitea.

Ondoren, 18:30etan jarri dute auzoan elkartzeko hitzordua, Hernaniko manifestaziora elkarrekin joateko. Eta handik bueltan, 20:30etan, poesiaz bustitako afaria egingo dute Ur Mia elkartean. Txartelak dagoeneko salgai daude, 15 euroan, Irrintzi tabernan, Ereñotzuko dendan, Auzo Udalean eta 627 669 753 telefonoan. Martxoaren 1era arte izango da erosteko aukera, eta menua honakoa izango da: sarrerakoak, paella, sagar tarta eta kafea. Afariaren ondoren, punk-poesia emanaldia eskainiko du Mejillon Tigre taldeak, eta sarrera irekia izango da.

Helduentzako ipuin kontaketa, martxoaren 10ean

Bi egun beranduago, martxoaren 10ean, izango da Emakumeen Egunarekin lotutako azkeneko saioa. Helduentzako ipuin kontaketa saioa egingo dute ludotekan, 19:00etan hasita: '80 amandre', Dorleta Kortazar Alkozen eskutik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!