Igande honetan egingo dute ondarea ezagutzeko bigarren paseoa, Epelen

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 21a, 00:00
Aurreneko ondarebidean elkartu zen auzotar taldea, Lastaolan.

Ondarebidearen bigarren saioa antolatu du Ereñotzuko Olak Auzo Elkarteak, eta goizeko 11:00etan abiatuko dira Epeletxotik. 

Iazko azaroan jarri zuen martxan Ondarebideak ekimena, Ereñotzuko Olak Auzo Elkarteak, paseoen bitartez auzoko ondarea ezagutzeko. Estreinako sa­io hartan, azaroaren 26an, Lastaolan eta Fagollagan barrena osatu zuten ibilbidea, eta ikusmina piztu zuen: 40 bat haur eta heldu elkartu ziren.

Hasiera politak hauspotuta, igande honetarako jarri dute bigarren hitzordua, otsailaren 25erako. Oraingoan, Epelen barrena osatuko dute bigarren ondarebidea. Goizeko 11:00etan elkartuko dira Epeletxon, baina Ereñotzutik joango direnentzat, ordu laurden lehenago jarri dute hitzordua auzoan, 10:45etan, aha­lik eta ibilgailu gutxienetan bertaratzeko.

Epeletxotik abiatuta, Epele bailaran barrena osatuko dute paseoa, eta hainbat tokitan egingo dituzte geldialdiak, horien berri jasotzeko, bertakoen ahotik: Etxeberrin, Irubiden, Bordan, Epe­le Torren, Errotan eta Añua Berrin. Ibilaldia bukatzean, gainera, mokadu bat egingo dute, Epeleko aterpean.

Bertaratu eta parte hartzera animatu dituzte auzotar guztiak, «bertako ondarea eta kontuak ezagutzeko, bertako bizilagunen eskutik». Izan ere, horixe da ekimenaren helburua: «Auzoko ondarea paseatuz ezagutzeko ibilbideak dira ondarebideak. Au­zotarrak elkartu eta, paseo bat eginez, leku horretako bizilagunek ematen dituzte bertako kontuen eta istorioen azalpenak».

Eguraldi aldakorrari begira dira egunotan ondarebidearen antolatzaileak. Izan ere, eguraldi traketsa egingo balu, atzeratu egingo lukete ekitaldia. Hala izatekotan, hori bai, aldez aurretik abixatuko lukete.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!