Epelen izango da ondarea ezagutzeko bigarren paseoa, otsailaren 25ean

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 16a, 00:00

Fagollagan bildu ziren lehendabiziko paseoan.

11:00etan izango da hitzordua, Epeletxon; Ereñotzutik joateko hitzordua 10:45ean jarri dute.

Ereñotzuko Olak Auzo Elkarteak bigarren Ondarebidea antolatu du, otsailaren 25ean. 11:00etan izango da hitzordua, Epeletxon; Ereñotzutik joateko hitzordua 10:45ean jarri dute, ahalik eta ibilgailu gutxienetan joateko. 

Auzoko ondarea paseatuz ezagutzeko ibilbideak dira Ondarebideak; auzotarrak elkartu, eta, paseo bat eginez, leku horretako bizilagunek ematen dituzte bertako kontuen eta istorioen azalpenak. Otsailaren 25ean, Epelen barrena egingo dute buelta, eta Epeleko Etxeberrin, Irubiden, Bordan, Epele Torren, Errotan eta Añuan egingo dituzte geldialdiak, leku horien berri jasotzeko. 

Ibilaldia bukatzean mokadu bat egingo dute, Epeleko aterpean. Auzotarrak joatera animatu dituzte, bertako ondarea eta kontuak ezagutzeko bertako bizilagunen eskutik. Eguraldi traketsa egingo balu, atzeratu egingo dute ekitaldia, baina jakinaraziko dute. Azaroaren 26an egin zuten lehen ondarebidea, Lastaolan eta Fagollagan barrena, eta orduan 40ren bat heldu eta ume elkartu ziren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!