Bi Goya sari jaso ditu Estibaliz Urresolak, eta hiru guztira '20.000 especies de abejas' filmak

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 13a, 00:00

Estibaliz Urresola, bi Goya sarietako bat eskuetan duela, larunbateko galan. Argazkia: Goya Sariak

Zuzendari berri onenaren eta gidoi original onenaren sariak eskuratu zituen Urresolak, larunbateko galan. Ane Gabarain aktoreak lortu zuen '20.000 especies de abejas' filmaren hirugarrena. 'La sociedad de la nieve' filmak jaso zuen sari gehien, 12 guztira.

15 hautagaitzarekin iritsi zen Estibaliz Urresolaren '20.000 especies de abejas' filma, Goya sarien banaketa ekitaldira, larunbatean Valladoliden. Eta hiru garaikurrekin bukatu zuen gala lantaldeak; horietatik bi, Urresolak berak eskuratu zituen: zuzendari berri onenaren saria eta gidoi original onenaren saria jaso zituen Ereñotzun bizi den zuzendari laudiotarrak. Hirugarrena Ane Gabarain donostiarrak eskuratu zuen, bigarren mailako aktore onenaren saria.

Juan Antonio Bayonaren 'La sociedad de la nieve' filma izan zen protagonista nagusia, 12 Goya sari eskuratuta; tartean, film onenarena eta zuzendari onenarena.

 

«Oso harro nago, gero eta gehigo garelako emakume zuzendariak»

Hiru ordu eta erdikoa izan zen Goya Sarien gala luzea, eta ekitaldiaren erdialdera entzun zuen bere izena aurrenekoz Estibaliz Urresolak: zuzendari berri onenaren saria jasotzera igo zen taula gainera, hunkituta. Beste bi emakume zuzendarik eman zioten garaikurra, Jaione Cambordak eta Alauda Ruiz de Azuak; eta horretan jarri zuen fokua Urresolak, hitzartzearen hasieran: «Oso emozionantea da 'opari' hau jasotzea, bereziki aurrekariak jarri dizkiguten emakume zuzendari haundien eskutik. Kate horren parte sentitzen naiz, eta oso harro nago gero eta gehiago garelako emakume zuzendariak, indar haundiagoa izan dezagun esateko nahikoa dela, ez dugula biolentzia eta jazarpen gehiago nahi, ez zinean eta ez inon».

Eskerrak emateko txandan, jende asko izan zuen gogoan Urresolak: «Gariza Films eta Inicia Films, bidaia zoragarri honengatik. Sofia (Otero), ikusgarri egin arte irauteagatik. Itziar eta Fernando (Sofiaren gurasoak), niregan konfiantza itsua erakusteagatik, zuen alaba nire esku uzteko. Elaxar eta Ana, Ekai Lersundiren gurasoak, zuen sendotasun menderaezinagatik eta zuen maitasunagatik; oso inspiratzaileak zarete. Eta nire familiari ere eskerrak, noski, amari, anai-arrebei, bikoteari, beti nire ondoan egoteagatik».

Eta eskaera-oihu bat ere zabaldu nahi izan zuen laudiotarrak, aurreneko hitzartze hori bukatzeko: «'20.000 especies de abejas' da film bat gauzak izendatzearen garrantziari buruzkoa, eta une hau baliatu nahi dut izendatzeko Gazan gertatzen ari dena: genozidio bat da, eta gure gobernuei eskatu behar diegu gelditu dezatela».

 

Gidoi original onenarena, «ezusteko» saria

Sorpresaz jaso zuen Estibaliz Urresolak bere bigarren saria, gidoi original onenarena, gala bukatzeko ordu erdi falta zenean. Borja Cobeagaren eta Pilar Palomeroren eskutik jaso zuen, eta bigarren hitzartze hori baliatu zuen «lehenengoan ahaztu ditudan guztiei eskerrak emateko, oso motz geratu bainaiz». Urresolak nabarmendu zuen, «oso garrantzitsua» dela sari hori berarentzat, «zerikusia daukalako bere intimitatea nirekin konpartitu duten familia guzti horiekin, lagundu didatenak filmeko familia honen ibilbidea zirriborratzen. Elkarrekin aurrera egiten duen familia bat, bereziki bi protagonistaren eskutik: idatzi nituen letra horiek irudikatzen onenak, Sofia (Otero) eta Patricia (López Arnaiz). Zuekin txoratzen nago. Baina ez zuekin bakarrik; erlauntza osoa izan zarete amestu nezakeen onena. Eta baita lantaldeko kide guztiak ere, oso modu atseginean bidelagun izan zaretenak. Ezin naiz guztiokin gogoratu, baina kariño bereziarekin aipatu nahi ditut Raúl Barreras, nire erabateko konplizea izan delako muntaketan; eta Gina Ferrer, bere begiradagatik».

Aipatzekoa da, Urumea bailararekin lotura estua duela Barrerasek ere, karrantzarrak Hernanin grabatu baitzuen 'Arnasa' film laburra, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak ekimenaren baitan. Muntaketa onenaren Goya saria jasotzeko hautagai zen Barreras, '20.000 especies de abejas' filmarekin, baina ez zuen garaikurra jaso.

Bukatzeko, ikusleei eman zizkien eskerrak Urresolak: «Zine aretoak bete dituzuen guztioi, guretzat bidaia izugarria izan delako ikustea nola iraun duen pelikulak 10 astez aretoetan». Eta bere jaioterriarekin gogoratu zen, Laudiorekin, «gaur denak erlez jantzi direlako. Bihotzean jasotzen dut beraien berotasuna. Maite zaituztet, eskerrik asko!». Izan ere, Inauteriak baliatuta eta beren herrikidearen filmari babesa erakusteko, larunbatean erlez mozorrotuta atera ziren kalera Laudioko herritarrak.

Gidoi onenaren saria jasotzea «ezustekoa» izan zela aitortu zuen Urresolak, biharamunean: «Hori da gutxien espero nuena. Zuzendari berri onenarena, askok esaten zidaten eskuratuko nuela, eta zuhurtziaz jokatu nahi duzun arren, nik ere uste nuen lortu nezakeela. Baina gidoi original onenarena ezustekoa izan da, eta balio haundia ematen diot, lanketa hori pelikularen zati oso garrantzitsua izan delako. Oso prozesu luzea eta bakartia da, ziurgabetasun haundikoa».

Urresolaren bi sarien tartean jaso zuen bere garaikurra Ane Gabarainek, eta zuzendariarekin ere gogoratu zen, bere esker zerrenda luzean: «Eskerrik asko erlauntza honen erle erreginari, Estibalizi, niregan pentsatu zuelako pertsonaia berezi, misteriotsu eta kuttun honen papera betetzeko; eta lagundu zidalako nire beldurrak eta segurtasunik eza gainditzen». Pertsona trans guztiekin ere gogoratu zen donostiarra: «Pelikula honen bitartez beraien errealitatera eta borrokara gerturatzeak, aktore eta pertsona hobea egin nau. Gora aniztasuna!», aldarrikatu zuen Gabarainek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!