'Goya' jo dezake gaur Estibaliz Urresolaren '20.000 especies de abejas' filmak, Valladoliden

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 10a, 00:00

Estibaliz Urresola, Sofia Otero protagonistarekin, grabaketaren une batean.

Gaur egingo dute zinemako Goya sarien banaketa ekitaldia, eta Ereñotzun bizi den zuzendariaren filma da sari gehien jasotzeko faboritoa: 15 hautagaitza izango ditu, orain arteko sari zerrenda oparoa luzatzeko.

Ibilbide arrakastatsua eta oparoa osatu du Estibaliz Urresolaren '20.000 especies de abejas' filmak, 2023ko otsailean estreinatu zenetik. Eta ibilbide hori borobiltzeko, hitzordu berezia daukate gaur: Ereñotzun bizi den zuzendari laudiotarra Valladoliden izango da, lantaldearekin batera, Goya sarien banaketa ekitaldian; eta bere filma da sari gehien jasotzeko faboritoa.

Izan ere, 15 hautagaitza izango ditu filmak, 14 kategoria ezberdinetan. Horietako bat da, nola ez, film onenaren saria jasotzeko hautagaitza: 'Cerrar los ojos', 'La sociedad de la nieve', 'Saben aquell' eta 'Un amor' izango ditu lehiakide, sari nagusia jasotzeko. 

Horrekin batera, beste bi sari jasotzeko hautagai ere bada Estibaliz Urresola: zuzendari berri onenaren saria, eta gidoi original onenaren saria.

Filmeko aktoreei dagokienean, lau dira sariren bat eskuratzeko aukera dutenak. Emakumezko aktore onenaren saria jasotzeko hautagai da Patricia Lopez Arnaiz; eta bigarren mailako aktore onenaren sariak eskuratzeko hautagaien artean daude Martxelo Rubio (gizonezkoetan), eta Ane Gabarain eta Itziar Lazkano (emakumezkoetan).

Gainerako hautagaitzak, honako kategorietan dauzka '2.000 especies de abejas' filmak: produkzioko zuzendaritza onena (Pablo Vidal), argazki zuzendaritza onena (Gina Ferrer), muntaketa onena (Raúl Barreras), arte zuzendaritza onena (Izaskun Urkijo), jantzien diseinu onena (Nerea Torrijos), makillaje eta ile-apainketa onena (Ainhoa Eskisabel eta Jone Gabarain), soinu onena (Eva Valiño, Koldo Corella eta Xanti Salvador), eta efektu berezi onenak (Mariano García, Jon Serrano, David Heras, Fran Belda eta Indira Martín).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!