Pasa den urteko azaroan eman zitzaion hasiera Euskal Herriko XV. Mus Txapelketako kanporaketari, eta igande honetan hiru bikote sailkatu ziren Ereñozun, Gipuzkoako kanporaketan musean jokatzeko: Aiatz eta Iñaki Hernani aita-semeak; Asier Polaina eta Ander Gonzalez; eta Ander Polaina eta Bittor Loran.
Hiru fasetan antolaturik dago txapelketa. Momentu honetan, herrikako kanporaketak jokatzen ari dira, otsailaren 23ra arte; martxoaren 9an, zazpi probintzietako kanporaketak jokatuko dira; eta martxoaren 23an izango da final nazionala, Zuberoako Altzai herrian.
Ereñotzuko garaileek, Aiatz eta Iñaki aita-semeek, Fagollagan otordu bat eskuratu dute, igandean, lehen postuan gelditzeagatik. Eurak izan ziren nagusitu zirenak jokatzera animatutako 20 bikoteen artean. Hala, Gipuzkoako herrialdeko kanporaketa jokatuko dute Iruran martxoaren 9an, arratsaldeko 15:00etan.
Sari potoloak, irabazleentzat
50.000€ baino gehiago banatzen dira sarietan, eta irabazleek ez ezik, parte hartzaile bakoitzak oroigarria jasotzen du. Ondorengoak dira sari garrantzitsuenak: txapeldunak, txapela, garaikurra, 3.000€ eta Karibera bidaia lau lagunentzat; txapeldunordeak, garaikurra, 1.500€ eta bi lagunentzat Karibera bidaia; hirugarren bikote sailkatuak, 750€ eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat; laugarren bikote sailkatuak 500€ eta Euskaraz ikasteko urte osorako 2 matrikula; 5.etik 8.era sailkatutako bikoteentzat 250€; 9etik 16.era sailkatutako bikoteentzat 100€; eta probintzietako finaletan txapelak, garaikurrak, asteburuko egonaldiak, bazkariak, afariak eta sari gehiago...