2023ko azaroan hasi zen Euskal Herriko XV. Mus Txapelketa nazionalerako kanporaketa, eta igandean Ereñotzuko Irrintzi tabernan dute hitzordua museko jokalariek, arratsaldeko 16:00etan. Ereñotzuko bikote irabazleak Fagollagan otordu bat irabaziko du, Ereñotzuko auzo elkartearen eskutik. 2023ko azaroan hasi ziren herrikako kanporaketak, eta otsailaren 25era arte luzatuko dira. Martxoaren 9an, berriz, zazpi herrialdeetako kanporaketak jokatuko dituzte, eta martxoaren 23an jokatuko dute Euskal Herriko XV. Mus txapelketako final nazionala, Zuberoako Altzai herrian.
Urumea bailarako herritarrak, beraz, herrikako kanporeketetan jardungo dute buru-belarri otsailaren 25era arte, eta herrialdeetako kanporaketak martxoaren 9an jokatuko direnez, hernaniarrek, astigartarrek eta ereñotzuarrek, Gipuzkoako herrialdeko kanporaketa jokatuko dute, Iruran, arratsaldeko 15:00etan. Goizuetarrek eta aranoarrek, berriz, Nafarroa Garaiko herrialdeko kanporaketa jokatuko dute, Iruñeko Alde Zaharreko Arrano elkartean. Antolatzaileek azaldu dute orduak eta lekuak aurrerago zehaztuko dituztela.
Sari potoloak, irabazleentzat
50.000 euro baino gehiago banatzen dira sarietan. Eta irabazleek ez ezik, parte hartzaile bakoitzak oroigarria jasotzen du. Ondorengoak dira sari garrantzitsuenak:Txapeldunak, txapela, garaikurra, 3.000€ eta Karibera bidaia lau lagunentzat; Txapeldunordeak, garaikurra, 1.500€ eta bi lagunentzat Karibera bidaia; Hirugarren bikote sailkatuak, 750€ eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat; laugarren bikote sailkatuak 500€ eta Euskaraz ikasteko urte osorako 2 matrikula; 5.etik 8.era sailkatutako bikoteentzat 250€; 9.etik 16.era sailkatutako bikoteentzat 100€; eta herrialdeko finaletan txapelak, garaikurrak, asteburuko egonaldiak, bazkariak, afariak eta sari gehiago...