Estibaliz Urresolaren '20.000 especies de abejas' pelikulak 15 izendapen jaso ditu Goya sarietarako

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 2a, 00:00

Orain arteko bidearekin «bihotza beteta» daukala nabarmendu du Urresolak.

Otsailaren 10ean izango da sari banaketa ekitaldia, Valladoliden. Urresolak nabarmendu du «oso hunkigarria» izan dela albistea, eta pozik dago «taldekide guztiek elkarrekin gozatzeko aukera» izango dutelako. 

Zinema aretoetan sekulako arrakasta izan zuen Estibaliz Urresolaren '20.000 especies de abejas' pelikulak, eta arrakasta hori Goya sarietarako izendapenetan islatu da. Ereñotzun bizi den zuzendari laudioarraren lehenengo lan luzeak 15 izendapen jaso ditu Espainiako Zinema Akademiaren gala haundienerako. 

Sari banaketa ekitaldia otsailaren 10ean ospatuko dute Valladoliden, eta, zalantzarik gabe, Urresolaren pelikula da sarituena izateko faboritoetako bat.  

«Bihotza beteta» dauka Urresolak

Kronikari azaldu dionez, «oso hunkigarria» izan zen Urresolarentzat izendapenak ezagutu zituen unea: «Zirrara pilatzen joan zitzaidan, bata bestearen atzetik ikusten joan ninzten, eta sekulako poza sentitu nuen taldeko kide guztiengatik. Pelikula hau egiteko ezinbestekoak izan dira taldekideak, eta zorionez denek jaso dute izendapena». 

Talde izaera nabarmendu du Urresolak, eta guztiek Valladolidera joateko aukera izateak poztu du bereziki: «Ilusio haundia egiten dit denak bertan izango garela jakiteak, momentu hori elkarrekin gozatzeko aukera izango dugula jakiteak. Gertatzen dena gertatzen dela ospatu egingo dugu». 

Izendapenak jasota, ez du gehiegi arduratzen jasotako sari kopuruak, jada «bihotza beteta» daukalako: «Talde guztiarentzat oso pelikula berezia izan dela esango nuke, hori nabaritzen da egindako lanagatik eta konpromisoagatik. Elkarrekin gozatzeko aukera izango dugu, eta horrek sortzen dit poza. Berdin dio zer gertatzen den, sekulako gauzak eman dizkigu pelikula honek, eta bihotza bete betea daukat jada».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!