Eguraldiak ez lagundu arren, hasiera polita izan dute asteroko paseoek

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 6a, 00:00

11 lagun elkartu ziren Ttapa-Ttapa egitasmoaren estreinako saioan, Ereñotzun.

Joan den ostiralean jarri zuten martxan Ttapa-Ttapa egitasmoa Ereñotzun, 60 urtetik gorako auzotarrei zuzendutakoa; eta 11 lagun hurbildu ziren lehenengo saiora. Eguraldi petralak zapuztu nahi izan zien estreinaldia, baina goiza aprobetxatu zuten: aurrena, luzapen ariketak egin zituzten frontoian; eta ondoren, paseo txiki bat eman zuten auzoan bertan. Hamaiketakoa eginez borobildu zuten Ttapa-Ttapa egitasmoaren hasierako saioa.

Datozen asteetarako, ibilbide luzeagoak egiteko asmoa daukate, betiere partehartzaile guztien gaitasun fisikoa kontuan hartuz. Begirale batek zuzenduta egingo dituzte saio guztiak, eta asmoa da elkarri lagunduz joatea bidean. Horrela, egitasmoaren bi helburu nagusiak sustatuko dituzte: ariketa fisikoa eta harremanak.

Ostiral honetan bertan izango da bigarren saioa, goizeko 09:45etan frontoian elkartuta. Animatzeko deia luzatu diete auzoko adineko guztiei, eta gogorarazi diete, bertaratzeko garraioa behar izanez gero Auzo Udalak lagunduko diela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!