Aizkolari gazteen Gipuzkoako Txapelketan arituko dira bihar Kimetz Oñederra eta Igoin Pikabea, Ereñotzun

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 21a, 00:00

Kimetz Oñederra eta Igoin Pikabea, San Inazio jaietako apustuan.

Eguerdiko 12:00etan hasiko da proba, eta 45 ontzako 2 enbor eta 54 ontzako beste bi ebaki beharko ditu aizkolari bakoitzak. Txapelketaz gain, aizkora eta harrijasotze erakustaldiak ere izango dira Ereñotzun.

Bihar eguerdian aizkolari gazteen Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da Ereñotzuko pelotalekuan. Urumea bailarak ordezkaritza izango du proban; izan ere, Igoin Pikabea ereñotzuarra, Kimetz Oñederra hernaniarra eta Unai Echeverria arituko dira. Plaza berezia izango da etxekoentzat, eta gogorrak izango dira osatu beharreko lanak; aizkolari gazte bakoitzak 45 ontzako 2 enbor eta 54 ontzako beste 2 ebaki beharko ditu proba amaitzeko. 

Pikabea emaitza bikainak lortzen ari da azkenaldian. Irailean Euskadiko Aizkolari Gazteen Txapelketa irabazi zuen, Lekeitiok proba bikaina osatuta. Oraingoan urduritasunak kontrolatzeko lan gehixeago egin beharko duela aurreikusten du: «Sentsazio onekin iritsi naiz azken astera. Fisikoki ondo ikusten naiz, emaitza txukunak lortzen ari naiz, eta horrek motibatzen nau. Biharko proba etxean izango da, eta oso urduri jarriko naiz. Nire burua kontrolatu beharko dut momentu askotan». Orain arteko lanari jarraipena ematea izango da Pikabearen helburua: «Entrenamenduak lehen bezala egiten jarraitu dut, pare bat aldiz astean. Orain arte emaitza onak izan dira, eta ikusiko dugu oraingoan zer ateratzen den».

Euskadiko Txapelketan ez zuen egun onena izan Oñederrak, eta bosgarren postuan amaitu zuen. Motibazio haundiarekin iritsi da prestaketaren amaierara, eta gogotsu dago: «Fisikoki ondo nabil, eta espero dut bihar ere sentsazio hori izatea. Gogo aldetik ere oso gustura nabil aizkora munduan, oso ilusionatuta. Entrenamendu txukunak egin ditut azken boladan eta espero dut lan polita egitea».

Lehiaketaz gain, festa giroaz gozatzeko aukera izango da biharkoan Ereñotzun. Herri kirolen bueltan, erakustaldiak egingo dituzte inguruko zenbait emakumek. Euskadiko Txapelketako finala jokatu berritan, aizkora erakustaldia eskainiko dute Malen Barrenetxea hernaniarrak eta Ane Zapirain astigartarrak. Aldiz, harrijasotzen arituko dira Udane Ostolaza eta Maddi Guesalaga.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!