Ereñotzuko lurretan egon da lurperatuta 12 urtez, Zarautzen agertu zen katxalotea

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 22a, 09:37

Katxalotearen hezurdura lurpetik atera dute egunotan, etorkizunean Donostiako Aquariumean ikusgai jartzeko.

Atzo zabaldu zen albistea: lurpetik atera dute 2011n Zarautzen hilik agertu zen katxalotearen hezurdura, etorkizunean Donostiako Aquariumean ikusgai jartzeko. Hernaniko terreno batzuetan lurperatuta egon dela azaldu dute, baina zehazki, Ereñotzuko lurretan egon da katxalotea gordeta. Joan den astelehenean hasi ziren hezurdura lurpetik ateratzen. Eli Pagola auzotarrak Kronikari helarazitakoak dira ondorengo argazkiak.

2011ko abuztuaren 26an agertu zen, Zarauzko hondartzan lehorreratuta, 15,5 metro luze eta 25 tonako katxalotea. Oso ahul iritsi zen bertara, eta ezin izan zuten haren bizitza salbatu. Ikusmin haundia eragin zuen katxaloteak, eta bertara gerturatu ziren herritar asko, txundituta. Katxalotea hondartzatik ateratzea lortu zutenean, trailer batean eraman zuten Ereñotzuko lurretara: lau metroko sakonera zuen zulo batean sartu zuten, eta bertan egon da ordutik.

Lurperatu zutenean, horixe zen helburua: urte batzuen buruan, hezurdura 'prest' zegoenean, lurpetik atera eta Aquariumean ikusgai jartzea. Azaldu dutenez, hezurren %80a berreskuratu dute, gehienak egoera onean. Orain, hezurrak garbitu eta kimikoki tratatu beharko dituzte; eta behin errestaurazio lanak bukatuta eramango dute Aquariumera. Dena den, prozesuak oso luze joko du oraindik, aurreikusi dutenez. 

Erlazionatuak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!