«Emaitza aldetik aurten oso ondo ateratzen ari da guztia, motibatuta nago lanean jarraitzeko»

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 12a, 00:00

Igoin Pikabea, txapelarekin, Euskadiko Aizkolari Gazteen Txapelketa bukatu berritan.

Garaipen ugari kateatzen ari da Igoin Pikabea ereñotzuarra. Pasa den astean garaipena lortu zuen Euskadiko Aizkolari Gazteen Txapelketan, eta urrian izango du hurrengo erronka, Ereñotzun; Gipuzkoako Txapelketa.

18 urtez azpiko Urrezko Aizkolari Txapelketa irabazteaz gain, Euskadiko Aizkolari Gazteen Txapelketa ere irabazi du Igoin Pikabea ereñotzuarrak. Sasoi betean eta motibatuta iritsi da udara amaierara.

Zer moduz zaude?

Oso ondo nago, lasai. Gustura eta pozik nago pasa den asteko lorpenagatik.

Irabaztea zen helburua? Zein asmorekin joan zinen Lekeitiora? 

Irabaztea, hasiera batean, ez neukan buruan. Prestaketako azken astean sukarrarekin ibili nintzen eta lehenago neukan puntua asko galdu nuen. Esperantza haundirik gabe joan nintzen, aurkariak ere ezagutzen nituen eta banuen haien atzetik geratzeko beldurra. 
 

Hala ere, denborei erreparatuta, nagusitasunez irabazi zenuen.

Bai. Egunean bertan bero haundia egiten zuen. Lanetik zuzenean joan nintzen Lekeitiora, eta sentsazio onak izan nituen hasieratik. Gustura aritu nintzen.  

Kimetz Oñederra 'Aittola' hernaniarra ere zurekin aritu zen. Zer moduz ikusi zenuen?

Plaza ugari izan ditut Kimetzekin udara honetan eta gertukoa da. Ez zen gustura geratu egindako lanarekin, nik ere lehengoan baino gehiago egiten ikusi izan dut.
 

Lehia testuinguruan ondo moldatzen ari zara. Urrezko Aizkolari Txapelketa ere irabazi zenuen...

Bai, bai. Aurten ondo ateratzen ari da guztia. Entrenamenduekin asmatu dugula esango nuke. Niretzat motibazio haundia da lanean jarraitzeko. Aurten, gainera, kategoriaz igotzea tokatzen zait, aurtengoak izan dira 18 urtez azpiko azken txapelketak, eta orain gauzak zailtzen hasiko dira. 

Entrenamenduekin asmatu duzula diozu. Noiz ateratzen duzu tartea horretarako?

Orain udaran, egunak asko luzatzen direnez eta beroa egiten duenez, ilunabarretan entrenatzen aritu gara. Lanetik atera, egin beharrekoak egin, eta entrenatzera. Orain, neguan, zailagoa izango da horretara moldatzea, eta ikusiko dugu nola egin. 

Erakustaldien aldetik zer moduzkoa izan da aurtengo udara?

Egin ditut gutxi batzuk. Kimetz 'Aittola'ren aurka Osiñagan eta Santa Barbaran aritu nintzen. Epelen ere saioa egin genuen festetan. Ez ditut gehiegi izan, baina tarteka aritu gara. 
 

Erakustalditik lehiaketetara asko aldatzen da testuingurua?

Bai, ez du zerikusirik. Urduritasunak oso bestelakoak izaten dira. Erakustaldietan ahal den itxura onena ematea da helburua, baina ez daukazu ezer jokoan. Oso desberdina da. 

Dena den, lehiaketak prestatzeko lagungarriak izango dira...

Entrenamendu onak izaten dira eta plazako esperientzia gehitzea beti da ona. Jende aurrean aritzeko eta horretara ohitzen joateko. Asko laguntzen du. 

Zein izango da hurrengo erronka?

Hemen, Ereñotzun bertan, Gipuzkoako Txapelketa izango dugu urrian. Horretarako prestatzen arituko naiz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!