Aurreko ikasturteetan bezala, hainbat ikastaro prestatu ditu Ereñotzuko Auzo Udalak, kurtso berrirako ere. Hiru izango dira aukeran: entrenamendu funtzionala, yoga eta aerobik-fitness. Bihar bertan zabalduko dute izenemate epea, ikastaro guztietan; eta irailaren 20ra arte izango da apuntatzeko aukera. Horretarako, bi bide daude aukeran: Auzo Udalaren webgunearen (ereinotzu.eus) bitartez egin, edo Auzo Udalera bertara jo, ohiko ordutegian (astelehenetan 17:00etatik 20:00etara, eta asteartetik ostiralera 09:30etatik 13:30etara).
Ikastaroen behin-behineko egunak eta ordutegiak zehaztu dituzte dagoeneko, baina jakinarazi dute, aldaketak egon daitezkeela ordutegietan, izenemateen arabera. Printzipioz, astearte eta ostegunetan izango dira entrenamendu funtzionaleko saioak, arratsaldeko 18:00etan hasi eta 19:00ak arte. Astearte eta ostegunetan izango da yoga ikastaroa ere, 17:00etatik 18:30etara. Eta astelehen eta asteazkenetan egingo dituzte aerobik-fitness saioak, 18:00etatik 19:00etara.