Datorren asteazkenean, irailaren 6an, Ta argiya iñ zan lanaren proiekzio-emanaldia izango da Fagollagako Zentralean. Ta argiya iñ zan Ainhoa Gutiérrez Del Pozok eta Eli Pagola Apezetxeak garatutako lan artistikoa da eta oinarritzat ditu Urumea ibaiko energia sorkuntza eta horren eraginak. Lekuak hala eskatuta, bi txanda izango dira: lehenengo txanda 18:00etatik 18:45etara; bigarren txanda 19:00etatik 19:45etara.
Aforo kontuak direla eta, aurrez izena eman behar zen eta bi txandak bete dira. Horrek ziurtatzen du arrakasta.
Kontuan izan behar da Fagollagan aparkatzeko leku gutxi izango dela, beraz, saiatu kotxeak betetzen. Fagollaga jatetxeak ekitaldirako baimena eman du bertako parkina erabiltzeko, eta nahi duena oinez edo bizikletaz ere gerturatu daiteke.
Instalazio hau 2022ko Hernaniko Sorkuntza Beka irabazteari esker egin da eta Olak auzo elkarteak antolatutako emanaldian lagun izango du Goiener Fagollagako Zentrala
Lortu dute zentral hidroelektrikoan aurkeztea
Eli Pagolaren eta Ainhoa Gutiérrezen nahia zentral hidroelektriko batean lana aurkeztea zen eta orain arteko zailtasunak gaindituta lortu dute. Zentral hidroelektrikoak ekoizpenerako instalazioak dira eta horregatik, ezin izan dute, oraingoz, bertan egindako lana erakutsi. «Ez daude pentsatuta jendea atzera-aurrera ibiltzeko. Zaharkituta geratutakoak asko daude eta hor segurtasun legedia eta ardurak sartzen dira», zioen apirilean. Aukera hor egon da beti eta ez dute etsi. «Uste dugu egingo dugula erakusketa Urumeako zentral baten barruan. Landu beharra dugu» eta baita lortu ere.
Zikuñagatik gora, Ezkurrara arteko zentralak hartu ditugu kontuan. Horiek dira presa daukaten zentralak eta hortik gora guztira 15 zentral daude. Zentral hidroelektrikoak bisitatu dituzte, Hernaniko paper-fabrikakotik hasi eta Leitzaraino.