Eli Pagolak 'Ño' komiki liburua plazaratu du

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 23a, 00:00

Miren Artetxerekin batera landu du ereñotzuarrak eta bertso saioen aurreko eta ondorengo uneetan zentratuta dago liburua, eta umorea da nagusi.

Miren Artetxek eta Eli Pagolak Ño komiki liburua argitaratu dute udaran. Bertso saioen aurreko eta ondoreneko momentuetan dago zentratua eta aurreko emakumezko bertsolariei ere aitortza egiten diete, gaurko belaunaldiak umorez interpelatzen jarriaz.

Horrela, bertsolaritzako hamar eszena komikira eraman dituzte Artetxe eta Pagola bertsolariek, Maitane Gartziandik ilustratuta. Esan bezala, bertsotako eszenak baino, saio aurreko eta ondorenekoak kontatzen dira batez ere, detaile txikietan zentratuta. Lan honen jatorria Renon izandako bertsolaritzari buruzko kongresu batean kokatu du Artetxek.

Ño hitzak ondo islatzen du komiki horren planteamendua eta hasieratik garbi xamar zeukaten hori izango zela izenburua. «Batetik interjekzioa, bestetik bertsotan errima gisa duen oihartzuna, eta emakumeen diminutibotzat erabiltzea, hiruak baten biltzen dituelako», azaltzen du Artetxek.

 

«Aitortza egin nahi izan diogu aurreko bertsolariei»

Saretzea eta aliantzen garrantziaz hitz egiten denean, hori zein detaile eta keinu txikietan gauzatzen den ekarri nahi izan dute komiki honetara. Horrela azpimarratu du Artetxek, «keinu txikietan osatzen da sare haundi bat eta keinu txiki horietan jarri nahi izan dugu arreta». Bereziki aliantza horiek gauzatzen diren eremuari begira egindako lan gisa aurkeztu du Pagolak Ño. Bertso saioen aurreko eta ondoreneko momentuetan zentratuz.

Liburuan, eszena guztietan, Joxepa Antoni Aranberri bertsolaria ageri da, nolabait gaurko belaunaldiak interpelatzen, umore puntu batetik. «Aitortza egin nahi izan diegu aurreko bertsolariei», nabarmendu du Eli Pagolak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!