Festa giroan murgilduko dira gaur eta bihar ereñotzuarrak, San Antonio jaietan

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 17a, 00:00

Asteartean ospatu zuten San Antonio eguna, Ereñotzun makina bat jarduerekin.

Jarduera mordoa antolatu dira gaurko eta biharko Ereñotzun, besteak beste, Txirritako ikasleen ikasturte amaierako jaialdia, herri afaria, kontzertua, pelota partiduak, eta bertso jaialdia.

Asteartean hasi ziren Ereñotzuko San Antonio jaiak, Enara Maziziorrek, Enara Arrutik eta Laiene Pikabeak botatako suziriarekin. Jarraian herri kirolek hartu zuten lekukoa sekulako giroa piztuz, eta giroari jarraipena emateko, Agin Laburu astigartarrak eta Unai Agirre hernaniarrak jardun zuten bertsotan. Astearteari amaiera eman zioten ereñotzuarrek, oilasko jatearekin frontoian. Atzo ere segida izan zuen San Antonioetarako prestatutako egitarauak, izan ere, arratsaldetik gaueko ordu txikiak arte, jarduera ugaritan hartu zuten parte Ereñotzuko auzotarrek. Bazkal ostean, Txirrita ikastetxeko ikasleek ikasturte amaierako jaialdi eder bat eskaini zuten, eta segidan, jolaserako tartea izan zuten. Gauean, denak elkarrekin afaldu zuten, eta Oiartzungo Ane Badiola, Irati Odriozola eta Joxe Leon Amigorenaren kantaldia entzuteko parada ere izan zuten. Musikak ez zuen etenik izan atzo gauean eta ordu txikiak arte iraun zuten askok.

Gaur goizetik izango dute jolasteko aukera ereñotzuar txikiek, goizeko 11:00etatik 13:00etara bitartean puzgarriak jarriko baitira, frontoian. Arratsalderako, berriz, bola eta toka txapelketak antolatu dituzte. San Antonio jaietako saria banatuko dute eta Hernaniko Bola txapelketako lehen tiraldia izango dute gaurkoa. Lehiakortasunak ez du etenik izango gaurkoan, bola eta toka txapelketaz gain, aizkora eta korrika desafioak ere nagusitasuna hartuko baitu. Ibai Soroa eta Suharri Rodriguez izango dira desafioko protagonistak, eta ondorengoa izango dute egin beharreko lana: 4 enbor etzanda (45 ontzakoak), 4 kilometro korrika eta 4 enbor zutik (45 ontzakoak). Desafioa amaituta, ohiturak jarraituz Laiotz taldea igoko da oholtza gainera 22:00ak arte eta DJ Gorkamendik emanaldia amaitu ostean, Laiotzek jarraituko du musika jartzen, goizeko ordu txikiak arte.

Bihar emango zaie amaiera Ereñotzuko San Antonio jaiei, eta amaiera borobila emateko, goizetik arratsaldera makina ekintza antolatu dituzte.

Goizetik esnatuko da Ereñotzu, Hernaniko txistularien dianarekin, eta bailaran barrena ibiliko dira, herritarrei egun onak emanez. Goizeko 10:00etan hasiko da meza nagusia, eta 11:30etan, berriz, pelota partiduei emango zaie hasiera. Partiduak amaitu eta egarria asetzeko, urteroko sagardo dastaketa antolatu du Ur-Mia elkarteak, 12:00etarako. Arratsaldera arte, atseden hartzeko tartea izango dute auzotarrek, eta 18:30etan, bertso jaialdiaz gozatzeko parada eskainiko dute, Maialen Lujanbiok, Aitor Mendiluzek, Nerea Ibarzabalek eta Eñaut Martikorenak. San Antonio jaiei amaiera emango die, rifen zozketak eta segidan jaurtiko duten suziriak.

Larunbat gauerako autobus zerbitzu berezia jarri dute. Zinkoeneatik irtengo da autobusa gaueko 00:00etan, eta 03:00etan; aldiz, Ereñotzutik itzultzeko, ondorengoak izango dira autobusaren ordutegiak: 00:30etan, 03:30etan, eta goizeko 06:00etan.

 

SAN ANTONIOAK

EREÑOTZU

GAUR

11:00-13:00 Puzgarriak frontoian.

17:00-19:00 Bola eta Toka. San Antonio jaietako saria eta Hernaniko Bola Txapelketako lehen tiraldia.

18:30 Aizkora eta korrika desafioa: Ibai Soroa - Suharri Rodriguez
- 4 enbor etzanda (45 ontzakoak), 4 kilometro korrika eta 4 enbor zutik (45 ontzakoak).

20:00 Laiotz taldearen lehenengo saioa, Ereñotzuko plazan.

22:00 DJ Gorkamendiren emanaldia, eskolako patioan.

00:30 Laiotz taldearekin parranda goizaldera arte.

BIHAR

08:30 Hernaniko txistularien diana, bailaran barrena.

10:00 Meza nagusia.

11:30 Pelota partiduak:
Iñaki Elola/ Iker Egiguren 
B. Apezetxea-E. Lizeaga/
E. Lizeaga-A. Apezetxea

12:00 Sagardo probaketa,
plazan. Ur Mia elkarteak
antolatuta.

18:30 Bertso jaialdia: Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Nerea Ibarzabal eta Eñaut Martikorena.

Ondoren Errifaren zozketa eta jaiei amaiera suziriak jaurtiz.

Erlazionatuak

San Antonio jaiak - Ekainak 13

Kronika - Erredakzioa 2023 eka 13 Ereñotzu

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!