Haur eta nerabeen babesarekin konprometitutako eskola, Txirrita

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 13a, 00:00

Txirritako ikasleak, Oier Agirresarobe zinegotziarekin, plakaren inaugurazioan.

Tratu On proiektuan hartu du parte eskolak, eta plaka inauguratu du, Oier Agirresarobe zinegotziaren bisita jasotzearekin batera.

Duela bi urte hasitako bidea amaitu berri du Txirrita eskolak, eta haur eta nerabeen babesarekin konprometitutako eskola izango da aurrerantzean. Hala dio eskolako atarian jarri duten ongietorri plakak. Ekainaren hasieran inauguratu zuten plaka, Oier Agirresarobe hezkuntza zinegotziaren bisita jasotzearekin batera.

Tratu On proiektuan parte hartzeko aukera izan du Txirrita eskolak, Hernaniko Udalak proposatuta; eta HeziZerb elkartearen eskutik, bi urteko proiektua garatu dute, haurrei tratu ona emateko. Horretarako, tokiko politikak eta planak landu dituzte. Eskolaren diagnosia egin zuten aurrena, eta plan estrategiko bat osatu zuten ondoren, hezkuntza komunitate osoaren ekarpenekin. Izan ere, prozesu horretan parte hartu dute ikastetxeko zuzendaritzak, irakasleek, langile-bolondresek, gurasoek, eta batez ere, haur eta nerabeek. Datorren ikasturtean jarriko dute martxan plan estrategiko hori.

Horren bitartez, bermatu nahi dute Txirritako haur eta nerabe guztien ongizatea, ingurune seguruetan hazi eta hezi ahal izan daitezen, eta tratu ona izan dadin eskolaren ezaugarrietako bat. Haur eta nerabeen eskubideak dauzka erdigunean planak, bere ahotsa izan dezaten, eta hartzen diren erabakietan parte hartu dezaten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!