Igoin Pikabea (Ereñotzu, 2005) Urrezko Aizkolariak txapelketan garaile izan zen, Azpeitiako Izarraitz frontoian jokatu zen finalean, 18 urtez azpiko mailan. Banakako txapela jantzi zuen Unai Etxeberria Osinalde eta Kimetz Oñederra Aittola finalisten aurretik. Lau 45 ontzako enbor moztu behar zituzten eta ereñotzuarrak 11 minutu eta hamabi segundu behar izan zituen lanak amaitzeko. 32 segunduko aldea atera zion Osinalderi eta minutu eta 38 segundu, Aittolari.
Oso gustora dago Igoin Pikabea, lortutako txapelarekin. «Ez nuen pentsatzen irabaziko nuenik. Borrokatua izan zen lehia Osinalderekin. Nire lana egiten ari nintzen, eta Aittola atzean zela banekien, baina amaiera arte ez zen argi egon nork irabaziko zuen».
Pikabea oraindik gaztea da, aurten egingo ditu 18 urte, eta aurrerapauso nabaria eman du azken urtean. «Aurreko urtean ere aritu nintzen, baina aurten asko hobetu dut. Horrek lehiakortasuna edo 'pikea' ere haunditzea suposatzen du. Gazteak gara eta oraindik zaila da jakitea zer lan motetan moldatzen garen egokien, baina orain arteko lan motzetan ongi aritzen gara».
«Aitak beharrezkoa den
laguntza eskaintzen dit»
Txapelaren estresa nabaritu zuen lortu eta gutxira. «Bazkaltzera joan ginen, eta eguna luzea izan zen. Amaierarako estres pixka bat hasi nintzen nabaritzen». 18 urtez azpiko txapela, Iker Vicente eta Aitzol Atutxa txapeldun haundiek irabazi dute lehenago, baina horri ez dio garrantzi berezirik ematen Igoin Pikabeak. «Erreferenteak eta erreferentziak dira, baina besterik ez. Txapela lortzeak ez du esan nahi gero txapeldun haundia izango zarenik».
Lanean jarraitzeko asmoa du ereñotzuarrak eta horretarako Roxario aitaren eskua beharrezkoa da. «Etxean aitak laguntzen dit. Aitaren eta taldearen lan hori gabe ezinezkoa izango litzateke. Aizkolari baten atzean jendea behar da, egurrak prestatzen laguntzeko esaterako». Azken urtea gainera zaila izan da aizkolarientzat. «Egurra ere asko garestitu da eta horrek zaildu egiten ditu entrenamenduak». Entrenamenduetan arreba Laiene ere aritzen da, nahiz eta azken hilabeteetan lesio baten ondorioz geldi egon den. «Hasi da berriz entrenatzen eta bueltan izango da laister».
Horregatik, garrantzitsuak dira udaran egin daitezkeen erakustaldiak. «Orain erakustaldien garaia iritsiko da. Ea baten batzuk egiteko aukera dudan. Txapelketak udazkenera arte ez dira iritsiko. Gipuzkoako gazteen txapelketa urte amaieran izango da eta ordurarte ez dago txapelketarik».
Aizkoran bakarrik ez, ikasketekin uztartu behar izan ditu finaleko prestaketak. «Erdi mailako gradu bat ari naiz egiten eta azterketa garaian gaude. Horiek finala prestatzeko arazo izan zitezkeen, baina egiari zor ez gara liburu zale, eta normaltasunez prestatu nuen finala».
Suharri Rodriguez 'Paolla', Gipuzkoako Txapelketako finalean, gaur Aian 18:00etan
Hernani eta inguruetako aizkolaritza gero eta sendoago dago eta horren adidide izango da Suharri Rodriguez Paollak gaur jokatuko duen Lehenengo mailako Gipuzkoako Txapelketa. Aian Gipuzkoako sei aizkolari onenek neurtuko dituzte indarrak, 18:00etatik aurrera: Julen Alberdi Txikia IV', Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugertza, Jexux Mari Mujika, Eneko Otaño eta Suharri Paolla. Probalekuan izango da finala eta egin beharreko lana ez da nolanahikoa izango.
Aizkolariek lau kanaerdiko (54 ontza), 60 ontzako lau enbor eta bi oinbiko (72 ontza) moztu behar dituzte. Julen Alberdi sasoi betean dago azkenaldian eta Mikel Larrañagarekin batera faborito izango da. Suharrik berreskuratu du bere kolperik onena eta helburua jaitsiera saihestea izango da.