Esperotako emaitzak izan dira Ereñotzun, eta auzotarren ia babes osoarekin Olatz Juantorena Aizpuruak hartuko du Unai Erroitzenea Gamioren lekukoa Auzo Udalean. %58,04 izan zen parte hartzea, 2019an baino %7,10 baxuagoa, eta botoen %98,95 izan da Ereñotzu Ekinez plataformarentzat: 289 boto zenbatu dira, 284 Ereñotzu Ekinezentzat, 3 boto zuri eta 2 boto baliogabe.
Olatz Juantorena «pozik» geratu da lortutako emaitzarekin: «Espero genuen emaitza da, aurreko urteetan antzeko datuak lortu ditugu». Nabarmendu du «gogotsu» ekingo diola legegintzaldiari, eta lehentasun batzuk mahaigaineratu ditu: «Aurreko legegintzaldian egiteke geratu diren proiektuak martxan jarri nahi ditugu, auzoko zerbitzu guztiak indartzen eta hobetzen ditugun bitartean. Gainera, azken astean zenbait kalte jasan ditugu inguruan uholdeengatik, eta horiek konpontzeko lanean jarriko gara».
Bederatzi auzotarrek osatutako taldea arituko da proiektu horiek lantzen eta garatzen.
Ereñotzu bizigarria helburu
Legegintzaldi honetan aurre egin beharko dien zenbait erronka nabarmendu ditu Ereñotzu Ekinez plataformak. Auzoa bizigarriagoa izatea da helburu nagusia, horretarako beharrezkoak diren zerbitzuak bermatuz: «Horrelako auzo batean bizitzeak abantailak baditu, baina baita desabantailak ere, eta hauei erantzun behar zaie. Oreka bat bilatu eta jendearentzat bizigarria eta atsegina den leku bat egin behar dugu. Adineko pertsona asko bizi dira bailaran zehar sakabanatuta, haietako asko emakumeak dira. Herritar hauentzat zerbitzuak hobetzen jarraitu behar dugu».
Horrez gain, haur eta gazteen egoera aztertzea izango da lanketetako bat, eskolarekin elkarlana sustatuz: «Txirrita eskolarekin ere elkarlana garrantzitsua da, auzoan azken urteotan jaiotze tasa haunditu da zorionez, eta haurrek auzoari bizitza eman diote. Eta txikitan hemen ibiltzen badira ere, nerabezaroan eten bat sortu ohi da. Gazteak auzoan inplikatzeko zailtasunak ditugu eta erronketako bat izango da lotura hauek indartzea auzoak etorkizuna izan dezan. Egingo ditugun obra eta mantentze lanetan ere auzotarren bizi kalitatea hobetzea izango da helburu nagusia».