Gaur jokatuko da Ereñotzuko Mendi Lasterketa, 200 partehartzailerekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 27a, 00:00
Korrikalariak banako ilaran, Arrondoko antenako aldapan gora, joan den urteko Ereñotzuko Mendi Lasterketan.

Dortsalak agortuta eta eguraldia lagun, goizeko 10:00etan abiatuko da lasterketa, Ereñotzuko frontoitik. Proba nagusiaren aurretik, 09:30etan, umeen lasterketa ere izango da, auzoan barrena.

Giro ederra ziurtatuta dago gaur goizerako, Ereñotzun. Dortsal guztiak agortuta eta eguraldia lagun, Ereñotzuko Mendi Lasterketaren 11garren edizioa jokatuko da, 200 partehartzailerekin. Goizeko 10:00etan abiatuko dira korrikalariak, eta ohiko ibilbidea osatuko dute: 11,75 kilometro, 835 metroko desnibel positiboarekin, Aiako Harria parke naturalean barrena. Urdaburuko tontorra izango dute punturik altuena, zazpigarren kilometroan.

Helduak abiatu aurretik, haurren lasterketa ere izango da, 09:30ak aldera. Adin guztietako haur eta gaztetxoek hartu dezakete parte, eta frontoian eman beharko dute izena, doan. Ibilbide gorabeheratsua osatuko dute auzoan barrena.

Lasterketa nagusia amaitze­an, azkeneko korrikalaria iritsi ondoren, sari banaketa egingo dute: aurreneko hiru gizonezko eta emakumezkoek izango dute saria, eta baita lehenengo ereñotzuarrek ere. Gainera, makina bat produktu eta sari zozketatuko dituzte.

Eta sari banaketaren ondoren, hamaiketako ederraz gozatzeko aukera izango dute korrikalariek, lasterketan bizitakoak komentatu bitartean: paella eta sagardoa izango dute, indarrak berritzeko.

Lasterketara doazenek, Ere­ñotzun bertan izango dute aparkatzeko aukera. Horretarako, be­heko futbol zelaia egokituko dute aparkaleku gisa, bolatokiaren ondoan. Dortsalak, berriz, Auzo Udaleko aretoan banatuko dituzte, 08:30etatik 09:30etara. Emakumezkoek, frontoiko aldageletan izango dituzte dutxak; eta gizonezkoek, aldiz, Txirrita eskolako aldageletan.

Asteartean agortu ziren Ere­ñotzuko Mendi Lasterketarako azkeneko dortsalak. 200 parte­hartzaileetatik, 84 dira Urumea bailarakoak; gehienak hernaniarrak (68) eta ereñotzuarrak (8).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!