Ereñotzuko Mendi Lasterketa jendetsua eta ikusgarria espero da

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 25a, 00:00

Larunbatean, 10:00etan hasiko dute 11,75 kilometroko ibilbidea eta atzo dortsal denak agortu ziren, 200eko topera iritsita.

Ereñotzuko Mendi Lasterketa izango da etzi. Goizeko 10:00etan abiatuko da lasterketa, Ereñotzuko plazatik; eta ohiko ibilbidea izango du: 11,75 kilometrokoa, Aiako Harria parke naturalean barrena, eta Urdaburuko tontorrera igota, 835 metroko desnibela osatuz.

Atzo dortsal denak agortu ziren eta, beraz, dagoeneko ezin da izenik eman. Antolatzaileak gustora agertu dira jendearen erantzunarekin. Guztira 200 partehartzaile izango dira irteeran, baina ikusle kopurua askoz ere haundiago espero da ibilbidean zehar, lasterkariak animatzen.

Eguraldiaren iragarpenak dioenez, larunbatean tenperatura igo egingo da eta 26 gradura iritsi daitezke termometroak, nahiz eta hori arratsaldeko lehenengo orduetan izan. Lasterketa orduan 20 gradu inguruko maximoak espero dira eta ez da euririk espero.

 

Haurrentzako lasterketa, 09:30etan

Ereñotzun, gainera, haurrentzako lasterketa ere egingo dute, urtero bezala. 09:30etan izango da hori, lasterketa nagusia hasi baino ordu erdi lehenago. Auzoan barrena osatuko dute ibilbidea haurrek, eta doakoa izango da partehartzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!