Mandoegiko proiektu eolikoaren egoera eta ezaugarriak argitara, Sagarretak eta Sustraik

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 20a, 00:00

Itziar Miner, Sagarreta Natur Taldeko kidea, hitzaldira bertaratu zirenei azalpenak ematen.

Asteazkenean eman zuten horien berri, Ereñotzun. Proiektua aurreikusi zuten 2002ko EAEko lurralde plan sektorialean, baina plan berriari hasierako onarpena eman berri diote, eta horretan ez dute txertatu. Hala ere, enpresa batek proiektu bat aurkeztu dio Trantsizio Ekologikorako Ministeritzari, Madrilen.

Bete egin zen Ereñotzuko Auzo Udaleko aretoa asteazken arratsaldean, eta 40 bat lagun elkartu ziren, Mandoegiko proiektu eolikoari buruz gehiago jakiteko gogoz. Sagarreta Natur Taldeak eman zituen aditzera proiektuaren egoera eta ezaugarriak, eta energiaren eta ingurumenaren arazoei buruzko ikuspegi globala eskaini zuen Sustrai Erakuntza Fundazioak.

Bi esparru bereizi zituzten Sagarretako Itziar Minerrek eta Jon Susperregik, proiektu eolikoen garapenari dagokionez: administrazio publikoek landutako lurralde plan sektorialak, batetik; eta enpresa pribatuek aurkeztutako proiektu zehatzak, bestetik. Aurrenekoari helduta, gaur egun indarrean dago 2002ko EAEko lurralde plan sektoriala, eta horretan aurreikusita dago Mandoegi inguruan parke eoliko bat jartzeko aukera, beste hainbat tokitan bezala; lehentasunezko kokapen gisa ageri da, gainera.

Baina duela urte pare bat, beste lurralde plan sektorial bat hasi ziren lantzen EAEn. Plan horren hasierako dokumentazioan, Mandoegiko proiektua ageri zen oraindik ere, baina aldaketa izan da ordutik: joan den astean argitaratu zen Energia Berriztagarrien Lurraldeko Plan Sektorialaren hasierako onarpena, eta bertan ez da Mandoegiko proiektuaren aipamenik egiten. «Ez dakigu zein den arrazoia, baina tartean izan da udal batzuen, aldundien eta talde ekologisten partehartzea, zenbait saio eginda eta helegiteak aurkeztuta. Ez dago dokumenturik, adierazten duenik zergatik desagertu den planetik, eta garrantzitsua litzateke hori jakitea», azaldu zuten.

Edonola ere, plan berria behin betiko onartzeak, atzera botako luke 2002koa, eta ezabatuko luke Mandoegiko proiekturako egin zen plangintza. Oraindik luze jo dezake behin betiko onarpenak, ordea; eta bitartean, 2002koak jarraituko du indarrean.

Bigarren esparrua, enpresa pribatuek aurkeztutako proiektu zehatzena, lausoagoa da. Izan ere, Sustrai Erakuntzako Mikel Saralegik azaldu zuenez, «oso zaila da enpresa baten asmoa zein den jakitea hastapenean, ixilpean eramaten dutelako, eta nahi izaten dutelako publiko egiten denerako oso zaila izan dadila proiektua geldiaraztea». Gainera, aditzera eman zuen, kontsultora bat izaten dela aurreneko pausoak ematen dituena, eta behin garatuta, enpresa bati saldu ohi diola. Eta era berean, kontsultora edo enpresa horiek, ez dute toki bakarrerako aurkezten parke eoliko bat eraikitzeko proiektua, toki ezberdinetarako baizik, eta egokien ikusten duten hori gauzatzen dute gerora, eraikitzeko baimena jasoz gero.

Prozesu horretan, aurreneko pausoa izaten da baimena eskatzea subestazio batean gordetzeko sortutako energia; eta horren ondoren, parke eolikoa eraiki nahi duten eremuko lurren jabeekin negoziatu behar dute. Lurrak eskuratzeko adostasuna lortuz gero, bertan parke eolikoa eraikitzeko baimena eskatu behar diote administrazio publikoari.

Sustrai Erakuntzak duela hilabete inguru aditzera eman zuen bezala, Mandoegin parke eoliko bat eraikitzeko proiektua aurkeztu du enpresa batek Madrilen, Trantsizio Ekologikorako Ministeritzaren aurrean; baina ustez, aurreneko pauso horretan dago oraindik. «Guk dakigula, ez dute negoziaziorik hasi lur horien jabe diren udalekin edo lurjabe pribatuekin», adierazi zuten Sustraiko eta Sagarretako kideek.

Proiektu horri buruzko xehetasunik ez daukate oraingoz. «Baina dagoeneko publiko egin dugunez eta zalaparta sortu denez, proiektua hemen gauzatzeak 'puntuak' galdu ditu», nabarmendu zuen Mikel Saralegik.

 

Mandoegin parke eolikoa eraikitzeko aurreneko proiektua, 2008an

Madrilen aurkeztu den proiektu hori, ez da izan Mandoegirako prestatutako aurrenekoa. 2008an egin zion baimen eskaera enpresa batek Eusko Jaurlaritzari, 2002ko planak ematen zion babesarekin, 35 haize errota inguru jartzeko eremu horretan. Eskaera hark bere bidea eta tramitazioa egin zuen, eta ingurumen txosten bat landu zuten, parke eolikoa eraikitzearen aldekoa izan zena. Hori horrela, baimena eman zieten 28 haize errota jartzeko, baina enpresak ez zuen garatu. «Hasiera batean, bi urteko epea zeukan horretarako, luzatzeko aukerarekin. Pentsatzen dugu dagoeneko iraungita dagoela baimena, baina ez dakigu ziur», azaldu zuten Sagarretako kideek.

Edonola ere, proiektu haren ezaugarriak eta ingurumen txostena bildu dituzte, eta horien berri eman zuten, baliagarri izango baitira proiektu berriaren nondik norakoak aurreikusteko. Aurreikusitako kokapena zen Pagoagatik gertu dagoen Larregi tontorretik, Leitzaren gaineko Intxusura bitartekoa, gainez gaineko zatian, tartean Garagartza, Unamuno, Baratzezarreta, Mandoegi eta Urepel hartzen dituela. Bertan parke eoliko bat eraikitzeko, noski, sarbide egoki bat beharko lukete, eta bost aztertu zituzten garai hartan. Horietako bat, Leitzatik igotzekoa, hasieratik baztertu zuten, malda haundiegia zuelako. Iyolatik barrena Etzalaraino igotzea zen beste aukera bat, 9 kilometro pasatxoko bidean; baina baztertu egin zuten hori ere, bihurgune haundiak dauzkalako. Aranotik bideratzeko aukera ere jarri zuten mahai gainean, baina horrekin ere ez zuten aurrera egiterik ikusi: kamioiak ezingo ziren pasa Goiko Herriko etxeen artetik, eta bariante bat egitea planteatu zuten beheragotik, baina ez zen bideragarria, basoren bat harrapatzen zuelako tartean. Laugarren aukera bat, Pagoagatik abiatuta, Sagarreta bailaratik sarbidea egitea zen, Garagartza aldera, baina penditza haundia daukalako baztertu zuten. Eta azkenekoa, bideragarrien ikusi zutena, Besabitik igotzea zen: Montefriotik ezingo luketenez pasa, Adarraren eskuineko aldetik bidea egitea planteatzen zuten, guztira 13 kilometro.

Bide horrek 4,5 metroko zabalera izan behar zuen, «garai hartako haize errota txikiak igotzeko. Baina orduan 50 metro pasatxoko haize errotei buruz hitz egiten zen, eta gaur egun 200 metrotik gorakoak ere jartzen ari dira», nabarmendu zuten Sagarretako kideek. Haize errota haiek zutitzeko, 15x25 metroko plataformak egin behar zituzten; eta argindarra garraiatzeko, linea elektrikoak ere bai: «Batzuk lurrazpitik jartzea proposatzen zuten, baina toki batzuetan malda haundiegia zenez, bi linea elektroniko egitea aurreikusten zuten, guztira 5 kilometrokoak». Berastegin zeukaten aurreikusita subestazio bat, sortutako energia biltzeko.

 

Parke eolikoaren eraginak, ingurumen txostenean jasota

Aurrez aipatu bezala, ingurumen txosten bat ere landu zuten, 2008an aurkeztutako proiektu hartan. Eta horretan jasota daude, parke eolikoa eraikitzeak eta horretarako egindako sarbideek izango lituzketen eraginak. Besabitik iristeko pista egiteko, adibidez, haritzak bota beharko lituzkete, eta haize errota batzuk jartzeko, pagoak ere bai. Gainera, babestu beharreko hainbat landare eta animalia espezie jarriko lirateke arriskuan. Zentzu horretan, hegaztiei dagokienez, «txostenak aipatzen du hegaldien %84 gertatzen dela haize erroten ibilbidean, baina diote inoiz ez dela ezer gertatzen. Sai arrea edo buitre leonado da kalteberena, baina txostenak dio asko daudela, eta ez dela kezkagarria», azaldu zuten Sagarretako kideek.

Ingurumen txostenak jasotzen du, era berean, Aiako Harriko eta Leitzarango parke naturalen arteko korridore ekologikoa dela zonaldea, nahiz eta legezko babesik ez duen, aspalditik erreklamatu den arren. Herritarrengan izango lukeen inpaktua ere aipatzen du, «eta ez dute esanguratsutzat jotzen». Hernani, Urnieta, Elduaien eta Berastegiko lurretan kokatzen zuten proiektua, baina Goizuetan eta Aranon izango luke eragina, eta Leitza izango litzateke kalte haundiena jasoko lukeena txostenaren arabera, beste aldean ere badauzkalako haize errotak, Kornieta inguruan. Soinuari dagokionez, berriz, txostenak dio haizearena baino txikiagoa dela haize errotek sortzen dutena. «Paisaian daukan eraginari ere ez diote garrantzia haundirik ematen, kontu kultural bat dela diote; baina guk irudi batzuk sortu ditugu, konturatzeko zein tamaina duten haize errotek». Hain justu, erakutsi zuten Hernaniko Kaxkoan zein azalera hartuko lukeen haize errota haundietako batek: Plaza Berritik Plazaraino, eta Atzietatik Nafar Kaleraino.

Ondare kulturalari dagokionez, txostenak jasotzen du Ondditik Mandoegirako zatia zona megalitiko garrantzitsua dela; «baina planteatzen dute horiek ondo balizatzea, eta nahiko». Markatuta dauden ibilbideak ere, bere horretan mantenduko liratekeela diote, eta ehizarekin bateragarria dela parke eolikoa. «Abeltzaintzan eta basogintzan eragin txiki bat izango luketela aurreikusten zuen txostenak, baina kalte ordaina emango liekete», kontatu zuten hitzaldian, azkenik.

 

«Ez dago planik energia kontsumoa murrizteko»

Mandoegiko proiektuan sakondu aurretik, Sustrai Erakuntzako Martin Zelaiak eskaini zuen ikuspegi zabalagoa, eta azaldu zuen energiarena ez dela arazo bakarra: «Ingurumenean beste arazo asko dauzkagu, eta denak modu globalean ikusi behar ditugu. Planetan gainditu ditugun mugen artean, larriena ez da aldaketa klimatikoa; askoz ere nabarmenago gainditu ditugu biodibertsitatearen, ziklo biogeokimikoen eta kutsatzaile berrien mugak», adierazi zuen. Gainera, azaldu zuen plan energetikoak egiten ari direla energia berriztagarriak areagotzeko: «Baina energia horiek beren mugak dituzte. Eta aldiz, ez dago planik energia kontsumoa murrizteko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!