Mandoegiko makroproiektua hizpide izango du Sustrai Erakuntza Fundazioak gaur, Ereñotzun

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 17a, 00:00

Sustrai Erakuntza Fundazioaren eskutik izango da hitzaldia, Ereñotzuko Olak Auzo Elkarteak eta Sagarreta Natur Taldeak antolatuta.

Gaur arratsaldeko 19:15etan, Sustrai Erakuntza Fundazioak Mandoegiko makroproiektuari buruzko hitzaldia eskainiko du Ereñotzun, «bailarako ondarea arriskuan» dagoela salatzeko. Ereñotzuko Olak Auzo Elkarteak eta Sagarreta Natur Taldeak antolatu dute hitzaldia, eta Ereñotzuko Auzo Udalean izango da. 'Eolikoen aurrean zer?' galdera planteatuko dute hitzaldian. Izan ere, apirilean Sustrai Erakuntza fundazioak azaldu zuen tamaina haundiko poligono eoliko bat jartzeko asmoa dagoela Goizueta eta Hernani artean. Eta salatu zuen proiektuaren dimentsioagatik «Nafarroako zein Gipuzkoako eremuei» eragingo diela.

Hori horrela, Sustrai Erakuntzatik gogor salatu zuten hedapen berriztagarri hau; «ez du zerikusirik gizarte premiei erantzuteko beharrezkoa den plangintza demokratikoarekin, eta energia berriztagarrien eredu pribatua eta antidemokratikoa inposatzeko saiakera berria da». 

Horrez gain, gobernuz kanpoko erakundeak nabarmendu zuen, energia fosilaren kontsumoa aurrezteko eta murrizteko neurriekin batera, faktore gehiago hartu behar direla kontuan: «Nola antolatu eguneroko joan etorriak, nola arindu eta ordezkatu nekazaritzako eta abeltzaintzako industria eredua, nola hartu enplegua eta erreprodukzio lanak banatzeko neurri erradikalak... Eta hori guztia biodibertsitatearen eta gure ekosistemen zaintza eta babesa integratuz».

 Ingurumena defendatzen

Sustrai Erakuntza Fundazioa gobernuz kanpoko erakundea da, irabazi asmorik gabekoa. Helburu hauek ditu: ingurumena defendatzea, erakunde publikoek eta pribatuek ingurumenean eragiten dituzten inpaktu negatiboei buruzko informazioa biltzea, eta informazio hori arintzeko edo ezerezteko neurriak hartzea. Bere lana, beraz, lurraldeari eragiten dioten proiektuei buruzko ingurumen informazioa, informazio teknikoa eta juridikoa aztertzea da, baita horiek sortzen dituzten inpaktuei irtenbideak bilatzea ere, alegazioak edo bestelako lege-jarduerak bultzatuz. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!