«Jendearentzat bizigarria eta atsegina den leku bat egin behar dugu»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 13a, 00:00

Olatz Juantorena Aizpurua izango da aurten Ereñotzu Ekinez plataformako zerrendaburua. «Ilusioz eta ikasteko gogoz» dago, eta auzotarren konfiantza sentitzen du: «Auzotarren bizi kalitatea hobetzea izango da helburu nagusia».

Aurrenekoz izango zara Ereñotzu Ekinezen zerrendaburu. Nola hartu duzu erronka?

Ilusioz eta ikasteko gogoz. Auzotarrek nigan konfidantza dutela erakutsi didate eta horrek segurtasuna eman dit.

 

Taldean izan zara azkeneko legealdian ere. Zer dela eta eman duzu pausoa lehenengo lerrora, oraingoan? Erabakia erraza izan da?

Hautagaitza aukeratzeko Olak auzo elkarteak prozesu bat egin zuen martxoan, eta hortik 16 pertsonako talde bat atera zen. Denon artean erabaki genuen alkatetzarako hautagaia. Batetik aurreko esperientzia dudalako eta bestetik auzotarrengatik babesa jaso dudalako. Bestalde, taldean hausnartu zen emakume bat lehen lerroan izatea garrantzitsua zela. Erabakia hartzeko gaur egungo alkatea den Unai Erroitzenearen aholkuak ere kontuan hartu genituen. Eta beraz, erabakia ez da erraza izan baina buelta batzuk eman dizkiot eta erronka honekin aurrera egitea erabaki dut.

 

Nolako balorazioa egiten duzu, aurreko legealdian burututako lanaz? Horri segida ematea izango da asmoa?

Auzoarentzat garrantzitsuak diren mantentze lanak egin dira: Epelen argiteria eta asfaltatze lanak, Aparraingo bidearen asfaltatzea, etab. Bestalde ikastaro eskaintza zabaldu da eta udalekuak eta antzeko beste zerbitzu batzuk indartu dira. Hori dena Covid-ak baldintzatutako legealdia izan dela kontutan hartuta. Ondorioz, positiboki baloratzen dugu aurreko legealdian egindako lana. Etorkizunerako gure asmoa, dauden zerbitzuei eustea eta hobetzen jarraitzea da. Bestalde behar eta ideia berriei ere aurre egingo zaie.

 

Nolako taldea osatu duzue legealdi honetarako? Zeintzuk izango dira bere indarguneak?

Bederatzi pertsonako lantaldea osatu dugu. Alkatea, lau juntakide eta beste lau batzordekide. Aurreko legealdiko hiruk jarraitzen dugu, eta gainontzekoak berriak dira. Freskotasuna nabari da, talde gaztea da eta gogotsu gaude legealdi berriari ekiteko. Auzoko gune desberdinetako jendea gaude, beraz esan daiteke beste behin ere bailara osoa ordezkatuta dagoela lantaldean. Gure indarguneak izan daitezke lanerako dugun gogo eta prestutasuna eta kideen esperientzia, ikuspegi eta ibilbide anitzak.

 

Nola antolatzeko asmoa duzue? Zein gairi helduko lioke taldeko kide bakoitzak?

Orain arte auzo udaleko lana lantalde gehiagotan banatu arren, oraingoan bi multzo handitan antolatzeko asmoa dugu. Batetik, Lurdes Oskoz, Olatz Iturri, Eli Astiasaran eta Aitziber Santa Kruz, herritarretzat zerbitzuak antolatzeaz arduratuko dira, hala nola, kultura, kirola, hezkuntza, euskara edota zerbitzu sozialen arloak. Bestetik, Jon Susperregi, Eli Pagola, Ibai Eizagirre, Itziar Miner eta ni neuk, antolaketa (aurrekontuak, pertsonala, kontratazioa...) eta lurraldeari dagokionean (herri lanak, ingurumena, hirigintza,...) jardungo dugu. Hala ere gai garrantzitsuenak talde osoaren parte hartze eta elkarlanarekin aurrera ateratzea da helburua.

 

Zeintzuk dira Ereñotzuk une honetan dauzkan erronkak eta beharrak? Eta zeintzuk izango dira datozen lau 
urteotan landu beharreko gaiak?

Landa eremuko auzo bat izateak sortzen dituen ohiko zailtasunak ditugu. Zerbitzu askotatik urrun gaude, auzoa hainbat gunetan banatuta dago, mugikortasuna ez da erraza.

Horrelako auzo batean bizitzeak abantailak baditu, baina baita desabantailak ere, eta hauei erantzun behar zaie. Oreka bat bilatu eta jendearentzat bizigarria eta atsegina den leku bat egin behar dugu. Adineko pertsona asko bizi dira bailaran zehar sakabanatuta, haietako asko emakumeak dira. Herritar hauentzat zerbitzuak hobetzen jarraitu behar dugu.

Txirrita eskolarekin ere elkarlana garrantzitsua da, auzoan azken urteotan jaiotze tasa handitu da zorionez, eta haurrek auzoari bizitza eman diote. Eta txikitan hemen ibiltzen badira ere, nerabezaroan eten bat sortu ohi da. Gazteak auzoan inplikatzeko zailtasunak ditugu eta erronketako bat izango da lotura hauek indartzea auzoak etorkizuna izan dezan. Egingo ditugun obra eta mantentze lanetan ere auzotarren bizi kalitatea hobetzea izango da helburu nagusia.

Bestetik, mundu mailako erronkak daude, ingurumenari lotuak, energiari lotuak... Hauek denak gure auzoan eragina dute eta lantzea ezinbestekoa da, mugikortasuna, ibai eta inguru naturalaren zaintza eta enpresa arriskutsuen gaia, besteak beste.

 

Azkeneko urteotan, gerakina pilatu du Ereñotzuko Auzo Udalak, futbol zelaiko eremuaren obra haundiari aurre egin ahal izateko. Hori horrela, zein da Auzo Udalaren egoera ekonomikoa une honetan? Aukera izango du datorren legealdian inbertsio ertain-haundirik egiteko? Halakorik aurreikusten duzue?

Auzo udalaren inbertsio gaitasuna ez da handia. Aurrekontua badugu, baina jakina da edozein obra egiteko dirutzak behar direla, beraz Ereñotzun obrak egitekotan ezin dugu urteko aurrekontuaren esperantzan egon. Beraz aurrezki bat sortu behar dugu aldian behin inbertsio garrantzitsu bat egiteko. Gainera beti kanpoko dirulaguntzera ere jo izan dugu horrelako obrei
aurre egiteko.

Horregatik, gerakina pilatu dugu futbol zelaiko egitasmoa aurrera eraman ahal izateko, baina zailtasunak izan ditugu. Hasieran eremu horretan egingo zen proiektua gauzatzeko, auzotarrekin prozesu parte-hartzaile bat egin nahi genuen, eta horretan hastekotan ginenean Covid-19aren ondorioz itxialdia etorri zen. Handik hilabete batzuetara prozesu hori egin eta ondoren proiektuari forma eman eta itxura hartzen joan zen. Baina gero materialen prezioen gorakada etorri zen, eta horrek asko garestitu du obraren aurrekontua.

Momentu honetan borobilduz 500.000€ko gerakina dugu eta lantalde berriaren esku geratuko da honi aurre egiteko erabakia, eta beharrezkoa bada egitasmoa birplanteatu beharko da auzotarrekin batera. Horren arabera, eta esan bezala, landa eremutarako dirulaguntzen aukeren arabera, obra ertain edo handiren bat egiteko moduan izan gaitezke.

Bestalde Ereñotzuko erdigunean dagoen zentral zaharraren inguruan mugimenduak espero dira, eta haietako batzuk gure eskumenekoak ez izan arren, jarraipena egingo diogu: zentralaren lagapena, kanalaren txukuntzea...

 

Ereñotzu bezalako auzo batean, oso garrantzitsua da Auzo Udalak eragileekin daukan lotura, ezta? Olak Auzo Elkartea, Txirrita eskola, Katiluzar Guraso Elkartea, Ur-Mia elkartea... Nolakoa izan behar du harreman horrek, zure ustez?

Auzoaren izaerarengatik eta auzotarrek zituzten dinamikei esker iritsi zen lehen ere Auzo Udalaren aukera, beraz ezinbestekoa da eragile hauekin lanean aritzea. Talde ezberdinen arteko komunikazioa eta elkarlana oso garrantzitsuak dira, guztiek auzoko behar eta erronken ikuspegi orokor bat izateko. Bakoitzaren helburu eta proiektuen ezagutza izatea ezinbestekoa da, momentu askotan elkarlanean aritzea ere funtsezkoa delako, auzo txiki hontako beharrei erantzuteko. Eragileez gain, norbanakoekin ere hartu eman zuzena sustatzen jarraituko dugu, beharrak eta kezkak entzun eta erantzunez. Harreman guzti hauek zaindu eta berriak eraikiz, auzoko elkarbizitza osasuntsu bat bultzatu nahi da.

 

Eragile horiekin elkarlanean, ohikoak dira kultur jarduerak eta bestelakoak auzoan. Bizirik dago Ereñotzu? Nolakoa izan da bilakaera, zentzu horretan?

Bai, momentu honetan mugimendu handia dago. Kultura eta jaietaz arduratzen den taldeak urte asko darama lanean. Honetaz gain, lantalde berri batzuk sortzen ari dira ondare eta identitate proiektu baten inguruan, auzo elkartearen babesean. Herritarrak aktibatzea helburu duen proiektu honek ideia edo egitasmo berriak ekar ditzake auzoarentzat. Eta ezin dugu ahaztu gaur egun Katiluzar guraso elkarteak duen jarduera. Denen artean ekintza asko antolatzen ari dira auzoan. Gure lana da azpiegiturak eta laguntza ematea egitasmo hauek babesteko.

 

Denda eta taberna zerbitzuak dauzka auzoak, Auzo Udalaren ekimenez. Zein beste zerbitzu beharko lituzke? Bideragarria izan daiteke besteren bat?

Bizilagunek bertan bizitza egiteko aukerak behar dira. Auzo Udala sortu eta martxan jartzen lehenengotako zerbitzua izan zen taberna eta 2019an berriz, denda ireki zen. Honek izugarrizko bizitza eman dio Ereñotzuri, lehen erosketa txiki bat egiteko Hernanira mugitu behar izaten zen. Orain berriz hemen bertan ditugu egunerokoan behar izaten ditugun produktuak. Adinekoentzat ere harremanetarako puntu bat da.

Herri txiki bat bezala funtzionatu nahi dugu, oinarrizko zerbitzu batzuk bermatuz. Berritzaileak izan behar dugu, irudimenarekin, auzolanarekin, soluzio sinpleak bilatu auzotarren premiei aurre egiteko eta zerbitzuak emateko.

 

Euskeraren arnasgune da Ereñotzu, baina jatorri aniztasuna ere gero eta haundiagoa da, pixkanaka. Zein ikuspegi duzue horren inguruan? Zaldibiko hezkuntza komunitatean elkarbizitzaren gaia nola landu duten ezagutu duzue berriki. Horrelakorik martxan jarri liteke Ereñotzun ere?

Beste herri askotan bezala, gaia presente dugu auzoan. Katiluzar guraso elkarteak lanketa bat jarri du martxan (bide horren hasieran ezagutu dugu Zalbidiko esperientzia). Euskararen erabilerari eutsiz jatorri askotariko familia eta herritarren elkarbizitza zaintzeko prozesu bat abiatuko da. Bertan, Ereñotzuko eragile desberdinen parte hartzea ezinbestekoa da eta Auzo Udala eragile aktiboa izango da. Izan ere, Euskara eta Kulturartekotasunaren zaintza gure lanerako ardatz garrantzitsua da.

 

12 urte dira Auzo Udala sortu zela. Nolako autonomia dauka Auzo Udalak, eta nolakoa da Hernaniko Udalarekin harremana? Zerbait aldatuko zenukete, zentzu horretan?

Auzo Udalak badu bere erabaki ahalmena, baina ezinbestean gai askotan Udalarekin elkarlana beharrezkoa da auzoari eragiten dioten eskumen garrantzitsu batzuk bereak direlako, adibidez udaltzaingoa, hirigintzako lizentziak, industria poligonoak,...

Hernaniko Udalarekin hilabetero biltzen gara koordinazio bilera batean. Bertan, Auzo Udaletik ditugun proposamen edo asmoen berri eman, eta gai zehatzekin ditugun kezkak helarazten dizkiegu. Eta Hernaniko Udalak ere Ereñotzurekin zerikusia duten proiektuen informazio oro aipatzen digu. Beti hobetu liteke harremana baina oso garrantzitsua da komunikazio hau mantentzea.

 

Zein aurrerapauso ekarri dizkio Toki Entitate Txiki gisa eratu izanak Ereñotzuri, urte hauetan?

Azpiegitura garrantzitsuak lortu dira ordutik: Auzo Etxea, frontoia, Epeleko parkeko estalpea eta lokala, hainbat baserri bideetan hobekuntzak, ... Ondare naturalari dagokionez txostenak enkargatu eta elkarlanak egin dira Aranzadirekin. Lursail bat erosi da bertako basoa sustatzeko asmoz eta Urumea ibaiko bainuguneen inguruan parte hartze prozesua egin zen Hernaniko Udalarekin batera. Aurretik aipatutako hainbat zerbitzu sortzeko aukera eman du Auzo Udalak, azken finean auzotarren bizi-kalitatean aurrerapausoak ekarri dituela uste dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!