Berreskuratutako ohiturari jarraipena emango diote igande honetan, Ereñotzun. Izan ere, Atsolorra egingo dute, Olak Auzo Elkarteak antolatuta. Arratsaldeko 17:00etan izango da, ludotekan; eta bertan elkartuta, azkeneko bi urteetan jaiotako haurrei egingo diete ongietorria auzotarrek: 2021ean eta 2022an jaiotako ereñotzuarrei, alegia.
Ohi bezala, auzotar guztiei luzatu diete Atsolorrean parte hartzeko gonbitea, eta denetik izango du festak, ongietorri goxoena emateko Ereñotzuko txikienei. Txalaparta doinuekin emango diote hasiera, musikaz goxatuko dituzte haur eta gurasoen belarriak, eta bertsorik ere ez da faltako. Eta ospakizuna borobiltzeko, noski, merienda egingo dute bertan.
Garai batean egiten zuten Atsolorra Ereñotzun, haurra bataiatu ondoren: igande arratsaldez, amak merienda eskaintzen zien bisitan joaten zitzaizkion auzotarrei, emakumeak ia beti; eta kontu-kontari aritzen ziren, umore ederrean. Usadioa galdu zuten urteen poderioz, eta berreskuratu nahi izan zuten, ongietorri festa bateratu bat eginda. 2012an antolatu zuten aurrenekoz, eta ohiturari eutsi diote ordutik, pandemiak eragindako etenaldia gorabehera.