Ekainaren 29tik uztailaren 21era izango dira udalekuak Ereñotzun, eta zabalik dago izenematea

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 3a, 00:00

Ereñotzuko hainbat gaztetxo, jolasean, joan den urteko San Antonio jaietan.

Astearte, ostegun eta ostiraletan egingo dituzte udalekuak, lau astez. Maiatzaren 14ra arte eman daiteke izena, Auzo Udalean edo interneten. 

Udaleku irekiak antolatu ditu, aurtengo udarako ere, Ereñotzuko Auzo Udalak. Ekainaren 29tik uztailaren 21era izango dira, eta lau aste horietan, astearte, ostegun eta ostiraletan egingo dituzte saioak. Hortaz, 11 egunez elkartuko dira, guztira. Goizean zehar izango dira jarduerak, 09:15etan hasi eta 12:45ak arte.

2 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude, eta zabalik dago izena emateko epea, atzotik. Ereñotzuko Auzo Udalaren bulegoan egin daiteke, edo internet bidez, Auzo Udalaren webgunean bertan, udaleku irekiei eskainitako atal berezian: ereinotzu.eus/udalekuak-2023. Eman beharko dira haurraren izen-abizenak, jaioteguna eta osasun txartelaren zenbakia; gurasoekin harremanetan jartzeko helbide eta telefonoak; eta kuota helbideratzeko kontu korrontea. 65 euro izango dira. Maiatzaren 14ra arte izango da izena emateko aukera.

Era berean, izena emateko galdetegian zehaztu beharko dira begiraleek kontutan hartu beharrekoak: haurrak igeri egiten badakien, behar bereziren bat duen, eta alergiarik edo intolerantziarik duen, besteak beste. Eta baimen bereziak ere eskatuko zaizkie gurasoei: argazkiak ateratzekoa, oinarrizko botikina erabiltzekoa, eta irteeretan garraioa erabiltzekoa, eta etxera bakarrik joateko baimena.

Aurreko urteetan bezala, makina bat jarduera izango dituzte auzoko haurrek, oporraldiko goizetan elkarrekin gozatu ahal izateko. Animatu eta izena emateko deia luzatu die Auzo Udalak, ereñotzuarrei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!