Hilabete eta erdi falta da aurtengo San Antonio jaietarako, eta urtero bezala, kartel lehiaketa antolatu du Ereñotzuko Olak Auzo Elkarteak. Nahi duten guztiek hartu dezakete parte, eta 100 euroko saria izango da irabazlearentzat.
Maiatzaren 17ra arte aurkeztu daitezke proposamenak, modu hauetako batean: Ereñotzuko Auzo Udalean entregatu; edo posta arruntez bidali, Auzo Udalera bertara (Ereñotzu 2, kultur etxea, 20128 Hernani).
Hainbat ezaugarri izan beharko dituzte kartelek. Tamainari dagokionez, 12 zentimetroko zabalera eta 32 zentimetroko altuera beharko dute izan. Paperezko formatuan eta formatu digitalean aurkeztu beharko dira, koloretan, eta edozein modalitate artistikotan. Kartelean, gainera, derrigor agertu beharko dira honako hitzak: 'San Antonio Jaiak', 'Ereñotzu' eta '2023'.
Kartazal itxi batean aurkeztu beharko dira lanak, eta horren barruan, beste kartazal itxi batean sartu beharko dira egilearen datuak: izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbakia.
Saritutako lana Olak Auzo Elkartearen jabetzan geratuko da. Aurkeztutako gainerako kartelak, berriz, ekainaren 14tik 17ra bitartean jaso ahal izango dituzte lan horien egileek, Auzo Elkarteko kideekin harremanetan jarrita.