Datorren astean amaituko da Ereñotzuko denda hartzeko eskaeren epea

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 13a, 00:00

Gehienez 5 urteko iraupena izango du kontratuak. Zabalik dago eskaintzak aurkezteko epea, eta hilaren 20an itxiko da.

Ereñotzuko Auzo Udalak argitaratu ditu bertako denda zerbitzua ustiatzeko lizitazioa arautuko duten oinarriak. Zehazki, Ereñotzuko denda zerbitzuaren ustiapena eta horrekin batera paketeak jasotzea eta eskaripeko zerbitzuak eskaintzea da kontratuaren xedea. 

Iraupenari dagokionez, oinarrietan azaldu dute gehienez 5 urtez luzatuko dela kontratua: «Kontratuaren iraupena, 2 urtekoa izango da, izenpetzearen biharamunetik kontatzen hasita. Ondorengo urtetan, parte hartzen duten aldeek hala adosten badute, urtez urte luzatu ahal izango da eta beste hiru urtez luzatu ahal izango da, urtez urte. Horiek horrela, gehienezko iraupena 5 urtekoa izango da (2+1+1+1)». 

Oinarrietako beste puntuetako bat datu ekonomikoei buruzkoa da. Kasu honetan, ez da esleipendunak administrazioari ordaindu beharreko preziorik finkatzen, baina zenbait produktu eskaini beharko ditu: «Ereñotzuko biztanleei eskaripean hainbat produktu edo zerbitzu eskaini beharko ditu esleipendunak. Era horretara zein produktu mota ekarri, auzo udalarekin adostu beharko du».

Eskaintzak aurkezteko epea zabalik dago, eta datorren ostegunean, hilaren 20an, amaituko da. Informazio guztia eskuragarri dago https://labur.eus/Xf2ln estekan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!