Hernaniko trikuharriak eta saroiak ikusteko irteera, Luis Mari Zalduarekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 3a, 00:00

Ibilaldi gidatua antolatu du Arditurri parketxeak, larunbat honetarako.

Irteera gidatua antolatu du, larunbat honetarako, Arditurri parketxeak. Luis Mari Zaldua Etxabe izango da gidaria, eta Akola, Alkatxurain eta Larregain inguruak bisitatuko dituzte. Inguruko trikuharriak, saroiak eta toponimia ezagutzea da irteeraren helburua.

Ibilaldia Larre-Gain sagardotegitik abiatuko da, eta Akolara abiatuko dira bertatik: «Natura parkera iristearekin batera, basotxo batean murgiltzen da bidea. Bide horrek, besteak beste, Saratsetako lepora eramaten du. Han dago Gipuzkoako trikuharri politenetakoa. Paisaia ez da monumentu megalitikoa baino apalagoa edo eskasagoa, itsasoa eta Beterriko zati haundi bat ikusten baita bertatik».

Itzuleran beste bide bat hartuko dute, ibilbide zirkularra osatzeko: «Haurra galdu zen harriaren ondorik igaro ondoren, Alkatxurain baserria eta saroia ezagutzeko aukera dago. Handik, pixka bat ibili ondoren, Larregainera iristen da berriz». Bide batez, inguru haietako leku izenen berri emango du Luis Mari Zaldua Etxabe gidariak.

Ibilaldian parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Horretarako, 943 49 50 69 edo 688 89 50 68 zenbakietara deitu behar da. Jarduera goizeko 10:00etan hasiko da, Larre-Gain sagardotegiko aparkalekutik, eta eguerdiko 13:00ak aldera amaituko da. 6 euroko prezioa du ibilaldiak, eta parte hartzeko gutxieneko adina 14 urtekoa da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!