Hirugarren bisita egingo du Lurlabek bihartik larunbatera, bi tailer tarteko

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 22a, 00:00
Bi gazte, txorientzako etxetxo bat egiten.

Ereñotzun egongo da Lurlab mobile hiru egunez. Laser tailerra eskainiko dute bihar, eta txorientzat etxetxoak egiteko saioa larunbatean.

Urtarrilean eta otsailean bezala, Ereñotzura bisita egingo du Lurlab mobile proiektu ibiltariak, martxoaren bukaera honetan ere. Bihartik larunbatera egongo da bertan, edozein herritarrentzako eskura.

Hori horrela, hiru egunetan aurkituko dituzte herritarrek, bertan ia edozer egiteko tresnak eta laguntza, debalde: bihar eta etzi, 11:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 20:00etara; eta larunbatean, 10:00etatik 14:00etara.

Bi tailer aukeran, oraingoan

Aurrekoetan bezala, bertan libre saltseatzeko aukeraz gain, tailerrak ere eskainiko dituzte. Bi izango dira oraingoan. Batetik, oinarrizko laser tailerra eskainiko dute bihar arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara, futbol zelaiaren ondoko Auzo Udalaren lokalean. 16 urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta azaldu dutenez, oso aproposa da brikolajearen eta arotzeriaren esparruan trebetasun erabilgarriak eskuratu nahi dituzten guraso eta gazteentzat. Laserraz grabatu eta mozteko makinaren oinarrizko ezagutza ikasiko dute bertan, eta baita praktikan jarri ere, egur kontratxapatuzko piezak ebakiz, ondoren txorientzako etxetxoak egiteko.

Izan ere, horretara bideratuta dago bigarren tailerra: txorientzako etxetxoak egingo dituzte larunbatean, lokal berean, goizeko 11:00etatik 13:00etara. 6-12 urteko haurrei zuzenduta dago, eta biharko tailerrean moztutako piezak erabilita, etxetxo propioa sortuko du bakoitzak: piezak kolarekin lotu, eta nork bere gustura margotu. Tailerraren bukaeran, txorientzako etxetxo bana eramango dute etxera, tailerreko partehartzaileek.

Bi tailerrak dira doakoak, baina ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Horretarako, email bat bidali behar da helbide honetara: info@lurlab.org.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!