Aste santurako planak

Ibilbide labur, ertain eta luzeak egiteko aukera Ereñotzun, zein baino zein ederragoa

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 18a, 00:00

Sagastietako trikuharria, atzean Akolako gaina duela. Ikusgarriak dira parajeak eta bistak, bertatik.

Mendi buelta politak eta paseo errazak egiteko oso aproposa da Ereñotzu. Auzotik bertatik abiatuta egin dezakegu 'Sagarraren bidea' izenekoa, edo hori baliatu Akolako eta Igoringo paraje eder eta aberatsetan barneratzeko.

Gipuzkoako ibilbideen sareari erreparatzea nahikoa da, konturatzeko oso toki aproposa dela Ereñotzu, paseotxoak eta mendi bueltak egin nahi dituztenentzat. Bere inguruetan daude ibilbide asko, laburrak, ertainak eta luzeak; eta elkar lotzen dira ibilbide horiek, gainera. Horrela, askoz ere zabalagoa da aukera, mota eta luzera guztietako ibilaldiak edota korrikaldiak osatzeko; eta baita mendiko bizikletarekin egiteko ere, aukeran.

Ereñotzuko herrigunetik bertatik abiatu gaitezke, edozein ibilbide egiteko ere; eta Sagarraren bidea (SL-Gi 1002) izenekoa baliatuko dugu horretarako. Izatez, 4,1 kilometroko paseotxoa da, zirkularra. Ibilbideari dagokion panela eta bere marka txuri-berdeak ikusiko ditugu auzoan bertan, Irrintzi tabernaren eta San Antonio elizaren artean, errepide bazterrean. Marka txuri-berdeei jarraituz, Txirrita eskolaren ondotik igoko gara Larre Gain sagardotegiraino, sagastien artetik; eta bertatik Fagollagara eramango gaitu ibilbideak. Fagollagako zubia zeharkatuko dugu, XVIII. mendekoa, eta Euskal Kultur Ondarearen barruan monumentu gisa izendatuta dagoena. Eta Urumearen bestaldean, ezkerrera hartuko dugu, ibai bazterreko bidetik bueltatzeko auzora.

Ibilbide luzeagoak egiteko ere, marka txuri-berdeei segika abiatuko gara aldapa gora, Larre Gainera. Izan ere, sagardotegitik bertatik pasatzen da Igoringo trikuharriak (PR-Gi 1002) ibilbidea ere. 8,6 kilometroko buelta da, hori ere zirkularra, eta marka txuri-horiak dauzkana. Ereñotzuko herrigunetik abiatuz gero, 10,5 kilometro inguruko ibilbidea osatuko dugu, guztira. 400 metro inguruko desnibel positiboa dauka PR-Gi 1002 ibilbideak, baina ikusiko ditugun txoko eta paraje ederrek merezi dute.

Larre Gaingo bidegurutzean ikusiko ditugu seinaleak eta markak. Txuri-berdeak utzi, eta txuri-gorri-horiei segika abiatuko gara eskuinera, hormigoizko errepidean gora. Akolako atsedenlekuaren ingurura iritsiko gara berehala, behin Aiako Harria Parke Naturalean sartuta. Errepidea utzi eta mendi bidea hartuta, berehala desbideratuko gara ezkerrera, Sagastietako lepora igotzeko. Ikuspegi paregabea izango dugu bertatik, eta bi trikuharri; horietako bat, bereziki ikusgarria eta oso egoera onean dagoena.

Ohikoak izango dira trikuharriak, ibilbide osoan. Sagastietatik eskuinera biratu, eta Akolako gainaren txoko harritsu bezain ederretatik iritsiko gara Akolako lepora. Beste hiru trikuharri daude bertan, eta ez dira izango azkenekoak. Bidean aurrera jarraitu, eta Arritxurietako gaina igo eta jaitsi ondoren, Igoringo lepora iritsiko gara. Bertan aurkituko dugu izen bereko trikuharria, bidegurutze baten bazterrean. Bidegurutze horretan bertan desbideratuko gara ezkerrera, Epelerantz abiatzeko, aldapa behera; betiere marka txuri-horiei jarraituz. Bi kilometro egingo ditugu maldan behera, eta Zubizarreta errekaren ondora iritsiko gara. Ezkerrera jarraitu beharko dugu Epelera iristeko, eta oso polita da bidea; baina aurrena, nahi izanez gero, 250 metro egin ditzakegu eskuinera, beste txoko eder batera iristeko: Paretazarretako dorretxora, garai batean presa zegoen tokian. Behin Epelera iritsita, aldapa gogorra igo beharko dugu Larre Gainera igotzeko, eta Ereñotzuko herrigunera bueltatuko gara, hasierako bide beretik.

Ibilbidea are gehiago luzatu nahi duenak, Larre Gaindik Fagollagara jaisteko aukera ere badauka, SL-Gi 1002 ibilbidea osatzeko Ereñotzura bueltan. Baina beste hamaika alternatiba ere badauzkagu bidea luzatzeko. Igoringo lepotik, adibidez, SL-Gi 1003 ibilbidea pasatzen da, Arbasoen aztarnak izenekoa (7,8 kilometrokoa). Aizpitarteko kobazuloetara, Landarbasoko trikuharrietara eta Listorretako atsedenlekura iritsiko gara, ibilbide horren mar­­ka txuri-berdeei segika.

Ibilbideak kateatu egiten dira Aiako Harria Parke Naturaleko inguru horretan, bata besteari lotuta; eta ezin aukera zabalagoa eskaintzen du, aldiro txoko ezberdinak bisitatu eta nahi bezalako mendi bueltak osatzeko. Horiek guztiak daude eskuragarri, gipuzkoanatura.eus atarian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!