Gaur jasoko dituzte Ereñotzu Ekinez plataformarako hautagaien proposamenak, Auzo Etxeko areto nagusian

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 12a, 00:00
Gaur jasoko dituzte auzotarren proposamenak.

Goizeko 09:00etatik eguerdiko 13:00etara aurkeztu ahal izango dira proposamenak. Auzo Udaleko taldea osatzeko balioko du, eta 16 urtetik gorako auzotar bakoitzak bost izen proposatzeko aukera izango du.

Maiatzean egingo diren Auzo Udalerako hauteskundeei begira, martxan jarri da jada Olak Auzo Elkartea. Aurten ere Auzo-Udaleko alkate eta juntakide hautagai-zerrenda bat aurkezteko asmoa du elkarteak, Ereñotzu Ekinez plataformaren izenarekin.

Hautagaiak izendatzeko prozesua aurreko urteetan erabili dena izango da. 16 urtetik gorako auzotar bakoitzak bost pertsona proposatzeko aukera izango du, etxean jasotako inprimakia beteta. Proposamen horiek gaur aurkeztu beharko dira, goizeko 09:00etatik eguerdiko 13:00etara, Auzo Etxeko areto nagusian.

Proposamenak aurkeztu ondoren, izendapen gehien jasotzen dituzten 15 lagunek erabakiko dute nor izango den Ereñotzu Ekinez plataformaren alkategaia, eta lanean arituko diren lau juntakideak.

Olak Auzo Elkartetik azaldu dute maiatzean egingo diren Auzo Udaleko hauteskundeetarako bakarrik balio duela prozesu honek, eta izen berriak sartzearen garrantzia ere nabarmendu dute: «Aukeraketa nork bere irizpideen arabera egin behar badu ere, Auzo Udaleko lantaldea, pixkanaka, baina eten gabe berritzea komenigarri ikusten da. Hori horrela, zerrenda honetan izen berriak azaltzearen garrantzia azpimarratu nahi da, adin tarte desberdinak eta auzune desberdinetako auzotarrak ordezkatuak izatearekin batera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!