Maiatzeko hauteskundeei begira, aste honetan bertan hasi dira lehenengo mugimenduak Ereñotzun. Aurten ere, Olak Auzo Elkarteak Auzo-Udaleko alkate eta juntakide hautagai-zerrenda bat aurkezteko asmoa du, Ereñotzu Ekinez plataformaren izenarekin.
16 urtetik gorako auzotar bakoitzak nahi dituen bost pertsona proposatu ahal izango ditu, etxean jasotako papeleta beteta. Proposamen horiek bihar jasoko dituzte auzo etxeko areto nagusian; goizeko 09:00etatik eguerdiko 13:00etara.
Izendapen gehien jasotzen dituzten 15 pertsonek hautatuko dituzte alkategaia, lau juntakideak eta zazpi lagunez osatutako lan taldea.