Ereñotzu Ekinezen lehen prozesua, martxan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 8a, 00:00

Igande honetan aurkeztu behar dituzte ereñotzuarrek hautagai izateko proposamenak, auzo etxeko aretoan.

Maiatzeko hauteskundeei begira, aste honetan bertan hasi dira lehenengo mugimenduak Ereñotzun. Aurten ere, Olak Auzo Elkarteak Auzo-Udaleko alkate eta juntakide hautagai-zerrenda bat aurkezteko asmoa du, Ereñotzu Ekinez plataformaren izenarekin.

Horretarako, aurreko aldietako prozesu bera errepikatuko dute: 16 urtetik gorako auzotar bakoitzak nahi dituen bost pertsona proposatu ahal izango ditu, etxean jasotako papeleta beteta. Proposamen horiek igande honetan, martxoaren 12an, jasoko dituzte auzo etxeko areto nagusian; goizeko 09:00etatik eguerdiko 13:00etara. Egun horretan ezin dutenek aukera dute proposamenak auzo udaleko bulegoan uzteko, ostiralera arte.

Izendapen gehien jasotzen dituzten 15 pertsonek hautatuko dituzte alkategaia, lau juntakideak eta zazpi lagunez osatutako lan taldea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!