Euskal Duatloiaren finala jokatu zuen Suharri Rodriguez Paolla ereñotzuarrak, igandean, Azpeitiko zezen plazan. Finalean egotea bera sari potoloa zuela, bere maila onena eman nahi zuen Paollak, eta baita lortu ere: hirugarren bukatu zuen, Eneko Saralegiren eta Ibai Soroaren atzetik.
Bi txandatan aritu ziren sei finalistak, hiruna erronka gainditzeko: 45 ontzako lau enbor moztu, plazari 40 buelta eman korrika (4 kilometro), eta 45 ontzako beste lau enbor moztu, baina horiek zutik zeudela.
Aurreneko txandan izan zen ereñotzuarra, Saralegirekin eta Xabier Zalduarekin batera. Azkenekoa izan zen Paolla, lehenengo lau enborrak mozten, Saralegi 46 segundu aurretik zuela, eta Zaldua 14 segundura. Korrika, ordea, bera izan zen azkarrena: aurrea hartu zion Zalduari, baita 34 segunduko errenta lortu ere; eta 27 segundura murriztu zuen Saralegirekin zeukan galera. Zutikako enborretan, berriro nagusitu zen Saralegi, nabarmen, eta 30:35eko denboran bukatu zituen lanak. Baina Paollak primeran eutsi zion bigarren postuari (33:29), eta aldea haunditu zuen Zalduarekin (36:19).
Bigarren txandan, berriz, Ibai Soroa, Arkaitz Jauregi eta Oier Kañamares aritu ziren, eta Soroak bakarrik lortu zuen Paolla menderatzea, 32:36 denborarekin. Jauregi (33:48) eta Kañamares (35:53) atzetik izan zituen.