Berlinale nazioarteko zine jaialdira iritsi da Urumea bailarara, eta ez nolanahi: txalo zaparrada luzea jaso zuen Estibaliz Urresola Solagurenen 20.000 especies de abejas filmak. Ereñotzun bizi den zuzendari laudiotarrak eman zion hasiera Berlinaleri, Urumea bailara ere eszenatoki duen filmarekin, asteazkenean.
Urrezko Hartza eskuratzeko lehian izango da Urresola, haurren transexualitateari buruzko filmarekin. Euskeraz, gaztelaniaz eta frantsesez egin dute filma, eta Cocó da protagonista, Baionan bizi den 8 urteko haurra. Aitor deitzen diote inguruko guztiek, baina Lucía deitzea nahi luke berak. Banantzeko bidean daude bere gurasoak, eta udarako oporretan, amarekin eta bi anai-arrebekin joango da Laudiora, bertan bizi baitira bere amona, eta amaren izeba, erlezaintzan eta eztigintzan aritzen dena. Hiru belaunalditako emakumeen bizitza aldatuko du udara horrek, beraien zalantzei eta beldurrei aurre eginda.
73garren edizioa du Berlinalek, Berlingo (Alemania) nazioarteko zine jaialdiak; eta bihar jakinaraziko dute zein filmek jasoko duen Urrezko Hartza.
Estibaliz Urresolaren aurreneko luzemetraia da 20.000 especies de abejas. Aurretik, Cuerdas eta Somos polvo laburmetraiak eta Voces de papel dokumentala egin ditu, besteak beste. Horiekin, hainbat sari eskuratu ditu dagoeneko.
Berlinaleren ondoren, Malagako Zine Jaialdian hartuko du parte, 20.000 especies de abejas filmarekin, martxoaren 10etik 19ra. Eta apirilaren 21ean estreinatuko dute zine aretoetan.