Hitzordu berezia jarria zuen Katiluzar Guraso Elkarteak, astelehen arratsalderako, Ereñotzuko ludotekan. Eta auzotar ugari bildu ziren, Zaldibiko hezkuntza komunitateko hiru kideren bueltan: Eider Amundarain, Zaldibiko ikastetxeko zuzendaria; eta Amaia Sasiain eta Eñaut Agirre, bi guraso.
Katiluzarren eskaerari erantzunez, beraien proiektu baten berri emateko bertaratu ziren Ereñotzura. Izan ere, kulturartekotasuna eta euskeraren babesa uztartzeko moduen bila, talde eragile bat jarri zuten martxan: eskolako funtzionamendua (guraso bilerak, talde bilerak...) euskeraz egiten jarraitu ahal izatea, Zaldibia arnasgune den aldetik; baina, era berean, guraso erdaldunak ez geratzea baztertuta, eta haien partehartzea sustatu eta erraztea bilera horietan.
Horretarako erabiltzen hasi diren metodo bat da aldibereko itzulpena, Telegrameko aplikazio merke baten bitartez modu errazean egiten dutena. Eta Ereñotzun bertan, praktikan jarri zuten hori, asteleheneko saioan. Hortaz, proba praktiko eta guzti ezagutu zuten bertaratuek, Zaldibiko eskolako esperientzia. Bi erabiltzailek baliatu zuten itzulpena, borondatezko itzultzaile batek gelaren ixkin batetik egin ziena: «Primeran dijoa!», nabarmendu zuten biek.
Saioaren aurkezpen gisa, Katiluzarreko kideek azaldu zuten «aspalditik» zeukatela kezka hori buruan, euskeraz moldatzen ez diren gurasoak gero eta gehiago direlako. «Eta orduan izan genuen Zaldibiko egitasmo milagrosoaren berri. Beraz, Eñautekin jarri ginen harremanetan, proiektua gertutik ezagutzeko».
Segidan, Hizkuntzak erraietan dokumentala jarri zuten, Zaldibiko egitasmoari buruzkoa. Eta ondoren, luze eta zabal aritu ziren solasean, dokumentalari eta proiektuari berari buruz.