«Guraso erdaldunek gela bileretan ez parte hartzea arazo bat da, eta heldu behar zaio»

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 10a, 00:00
Ludotekan jarriko duten 'Hezkuntza erraietan' dokumentaleko irudietako bat.

Euskera eta kulturartekotasuna gai hartuta, solasaldia antolatu du Katiluzar Guraso Elkarteak, datorren astelehenerako, Ereñotzuko ludotekan. Zaldibiko hezkuntza komunitatearen esperientzia ezagutzera emango dute bertan, eta 'Hizkuntzak erraietan' dokumentala jarri.

Saio interesgarria antolatu du Katiluzar Guraso Elkarteak, datorren astelehenerako: euskeraz eta kulturartekotasunaz ariko dira, Zaldibiko hizkuntza komunitateko ordezkarien eskutik, Goierriko herri txikian martxan jarri duten prozesua ezagutzeko. Ereñotzuko ludotekan izango da saioa, arratsaldeko 18:00etan hasita; eta Hizkuntzak erraietan dokumentala ere jarriko dute. Bertan egongo da Eider Amundarain Goikoetxea, Zaldibiko ikastetxeko zuzendaria; eta baita hango ikasleen bi guraso ere: Amaia Sasiain Isasi-Isasmendi, eta Eñaut Agirre Goia hernaniarra. Euskeraz izango da, aldibereko itzulpenarekin.

Eñaut Agirrerekin hitz egin du Kronikak, Zaldibian hasi duten proiektuari buruz gehiago jakiteko: «Eskolaren bueltan sortu zen, behar bati erantzuteko. Eta helburua da kulturartekotasuna lantzea, kultura ezberdinetako jendeak elkarrekin lan egin ahal izateko, inor baztertu gabe. Denok eroso sentitu gaitezela. Baina, era berean, euskerak Zaldibia bezalako arnasgune batean daukan garrantzia mantendu dezala», azaldu du hernaniarrak.

Izan ere, nabarmendu du «ten­tsio batzuk» sortzen hasi zirela, etorri berrien eta bertakoen artean; eta hizkuntza zela «arrazoietako bat, behintzat». Izan ere, Zaldibia euskeraren arnasgune izanik, eta gehiengoak euskeraz dakienez, «azkeneko urte luzeetan» euskeraz izan da eskolako funtzionamendua «erabat», eta hala izaten ziren gela bakoitzeko zein gurasoen elkarteko bilerak ere: «Urte askotan funtzionatu duen dinamika bat izan da, baina ikusi dugu aldatu beharra, kasu batzuetan ez zelako posible denek elkar ulertzea, eta jende bat baztertuta sentitzen zelako. Euskeraz ondo moldatzen ez ziren guraso askok, ez zuten partehartze haundirik izaten, eta hori arazo bat da».

Zentzu horretan, autokritika egiteko beharra azaleratu du Agirrek: «Elkarrekin hitz eginez eta elkar ulertuz, arazo asko konpondu daitezke. Baina zergatik ez gara hasi lanean orain arte? Guraso erdaldunak kopuruz gutxi direnean, eta gehiengoarentzat arazorik ez dakarrenean, ez dugu aldaketarik egiten, nahiz eta gutxiengo hori kexatu. Heldu diogu, soilik, guretzat ere arazo bilakatu denean, eta deseroso sentitzen hasi garenean».

Arazoa ikusita, talde bat sortu zuten, eskolaren bueltan: irakasleak, guraso elkarteko kideak, Etxekopekok taldekoak eta Zaldibiako Udala daude bertan, eta Huhezi eta UEMA dituzte laguntzaile. «Dinamika ezberdinak landu ditugu, arazoak non zeuden identifikatu...», azaldu du hernaniarrak.

 

Itzultzaileak eta xuxurlariak, talde bileretan

Talde bileretan sortzen ziren arazoak, bereziki, eta nahi zuten saihestu bi bilera egitea: bat euskeraz zekitenentzat, eta bestea ez zekitenentzat. Horregatik, hasi dira talde bilera horietan aldibereko itzulpenak egiten: «Telegrameko aplikazio baten bitartez, oso modu errazean egin daiteke, eta aplikazioa eta aurikularrak izatea nahikoa da. Noski, kontutan hartu behar da itzultzailea ez dela profesionala, borondatez egiten duen norbait baizik».

Aldibereko itzulpenak, ordea, ez du balio kasu guztietarako: «Gela bileretan, adibidez, egiten dira saioak talde txikietan ere, gai batzuk lantzeko. Eta horietan, batak besteari egiten dio itzulpena, ondoan jarrita; xuxurlaria deitzen diogu. Dena den, horrelakoetan erderaz egitea ere proposatzen dugu, eta WhatsApp taldeetan ere, erderaz modu lasaiean egiteko proposamena egin dugu».

 

«Hau ez da panazea, baina lortu dugu giro hobe bat»

Edozein kasutan, oraindik bide luzea daukate egiteko, Eñaut Agirrek adierazi duenez: «Ez pentsa hau panazea denik, arazoak hor daude oraindik. Baina gutxienez, asko hitz egitearen poderioz, lortu dugu giro hobe bat, anbiente lasai bat, eta etorkin dexentek hartu du parte».

Komunikazioaren garrantzia azpimarratu du hernaniarrak: «Beste lurralde batzuetatik datozenek, askotan ez dakite nora datozen, ez dakite hemen beste hizkuntza bat dagoela, gutxitua dela, laguntza behar duela, herria arnasgune bat dela... Eta gauza horiek azaldu egin behar dizkiegu; ez dela gure egoskorkeria hutsa, euskeraz egin nahi izatea. Eta onartu behar dugu, planteatu ohi ditugun gauza batzuk ez direla errealak. Nahi ditugu euskaldundu kanpotik datozen guztiak, izan haur, guraso... Baina egoera ezberdin batetik datorrenak, beste lehentasun batzuk dauzka».

Horregatik, helburua «garbi» edukitzeko beharra nabarmendu du: «Helburua da haien seme-alabak euskalduntzea, zal­dibitarrak direnak, gure seme-alabak bezalaxe. Gurasoen kasuan, euskerarekiko jarrera da landu behar duguna. Eta gure itxitasunean jarraitzen badugu, beraien jarrera ere negatiboa izango da, eta hori seme-alabek nabarituko dute. Aldiz, ikusten badute beraien gurasoak saiatzen ari direla euskeraz hitz batzuk ikasten, jarrera positiboa daukatela eta nahi dutela haiek euskeraz ikastea, seme-alabek ere ahalegin gehiago egingo dute euskeraz ikasteko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!