LURLAB laborategi ibiltariak aurreneko egonaldia egingo du Ereñotzun, gaurtik larunbatera

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 26a, 00:00

Bi gaztetxo, LURLABekin egurrezko etxetxoak egiten. Argazkia: LURLAB

Landa eremuko laborategi digital irekia eta ibiltaria da LURLAB. Ia edozer egiteko tresnak eta laguntza eskainiko dute bertan, doan.

Laborategi ibiltari bat etorriko da Ereñotzura, datozen lau hilabeteotan: LURLAB mobile, landa eremuko laborategi digital ireki eta ibiltaria. Hilean hiru egunez egongo da auzoan, eta gaurtik larunbatera egingo du aurreneko egonaldia. Aurreneko bi egunetan, gaur eta bihar, goizez eta arratsaldez egongo da zabalik, 11:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 20:00etara. Larunbatean, berriz, goizeko 10:00etatik 14:00etara irekiko dute.

«Edozein herritarrek nahi duen ia edozer egiteko tresnak eta laguntza eskaintzen dituen azpiegitura mugikorra da», nabarmendu du Auzo Udalak. Izan ere, laborategi ibiltariak mota guztietako tresneria jartzen du herritarren eskura: 3D inprimagailuak, laserrez moztu edo grabatzeko makina, CNC fresagailua...

Ereñotzun egingo dituen egonaldietan, edonor gerturatu daiteke debalde, irekiera ordutegietan; eta teknikarien laguntzarekin, tresnak erabili ahal izango ditu. Baina, horrez gain, hainbat jarduera ere antolatuko dituzte, herritarrek ikas ditzaten tresnen erabilera eta teknikak, «ikastaro edota tailer atsegin eta dibertigarriekin».

Aurreneko jarduera, larunbat honetan izango da: egurrezko seinaleak egiten ikasiko dute, goizeko 10:30etatik 12:30etara. CNC (Control Numérico Computerizado edo ordenagailu bidezko zenbakizko kontrola) fresagailu bat erabiliz, egingo dituzte etxeak, txokoak edota bideak izendatzeko egurrezko kartel eta errotuluak. Ordenagailu bidez, letra eta ikurrekin egingo dute diseinu bat, eta ondoren, egurrean landuko dute. Ikastaroa bukatzean, bakoitzak bere egur kontratxapatuan egindako seinale bana eramango du etxera. Doakoa izango da jarduera, baina parte hartzeko, izena eman beharko da aldez aurretik, info@lurlab.org helbidean edo Ereñotzuko Auzo Udalean. 16 urtetik gorakoei zuzenduta dago.

Hurrengo egonaldiak, izango dira otsailaren 23tik 25era, martxoaren 23tik 25era, eta apirilaren 27tik 29ra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!