LURLAB mobile zerbitzuaz gozatzeko aukera ereñotzuarrek, ostegunetik larunbatera

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 23a, 00:00

Aste honetan hasita, lau hilabetetan, hilean behin geldialdia egingo du LURLAB mobilek Ereñotzun, eta ostegunetik larunbatera eskainiko du zerbitzua. 

Gipuzkoako landa eremuko laborategi digital ireki eta ibiltaria da LURLAB mobile. Edozein herritarrek nahi duen ia edozer egiteko tresnak eta laguntza eskaintzen dituen azpiegitura mugikorra da, hain zuzen ere. Herriz herri ibiliko den proiektu honek era guztietako tresneria jartzen du herritarren eskura, hala nola, 3D inprimagailuak, laserraz moztu edo grabatzeko makina, CNC fresagailua... 

Aste honetan hasita, lau hilabetetan, hilean behin, LURLAB mobilek Ereñotzu bisitatuko du eta ostegunetik larunbatera eskainiko du zerbitzua. Horregatik, bi ohar azpimarratu ditu Ereñotzuko Auzo Udalak: «batetik, irekiera ordutegietan edozein gerturatu daiteke debalde eta teknikarien laguntza izango du tresnak erabiltzeko; bestetik, hainbat jarduera antolatu dira hilabete hauetan zehar herritarrek tresna eta teknikak ikas ditzaten, ikastaro edota tailerra atsegin eta dibertigarrietan».

Beraz, aste honetan izango da LURLAB mobile Ereñotzun, ondorengo egun eta orduetan: ostegunean eta ostiralean, 11:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 20:00etara; eta larunbatean, goizeko 10:00etatik 14:00etara. 

Urtarrilaz gain, ereñotzuarrek datozen hiru hilabeteetan ere izango dute LURLAB mobilek eskaintzen dituen zerbitzuez gozatzeko aukera, ondorengo datetan: otsailaren 23an, 24an eta 25ean; martxoaren 23an, 24an eta 25ean; eta apirilaren 27an, 28an eta 29an.

 
Larunbatean, 
egurrezko seinaleak

Estreinako honetan, erabilera libreko orduetan laguntza emateaz gain, larunbatean goizeko 10:30etatik 12:30etara, honako jarduera eskainiko du LURLABek: «Egurrezko seinaleak CNC fresagailu bat erabiliz, Control Numérico Computerizado edo Ordenagailu Bidezko Zenbakizko kontrola erabiltzen duena, etxe, txoko, bide eta antzekoak izendatzeko egurrezko kartel edo rotuluak egiten ikasiko dugu. Ordenagailu bidez letra eta ikurrekin egindako diseinu erraz bat, ondoren egurrean landuko dugu. Ikastaroa amaitzean, bakoitzak egur kontratxapaduan egindako seinale bana eramango du etxera». Azken tailer hau, 16 urte bainoa gehiagoko jendearentzako dago pentsatuta.

Larunbat honetan egingo den jarduera hau doakoa bada ere, aldez aurretik izena eman behar da info@lurlab.org helbidera idatzita, edota Ereñotzuko Auzo Udalean izena emanda. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!