Aner eta Ibon Miner ereñotzuarrek ondo hasi dute Bikotekako Txapelketa

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 17a, 00:00

Patxi Loreak hernaniarra, igandean, Ereñotzuko bolatokian.

Bien artean 86 brila bota zituzten etxeko bolatokian, Xabi eta Josu Lasa irabazleek baino bat gutxiago.

Igandean hasi zuten Gipuzkoako Bikotekako Txapelketa, Ereñotzuko bolatokian; eta ondo ekin diote Aner eta Ibon Miner ereñotzuarrek: 86 brila bota zituzten bien artean, eta hirugarren izan ziren, gizonezkoetan. Xabi eta Josu Lasa lasartearrek irabazi zuten tiraldia, 87 brilarekin; eta Jokin Izagirre eta Egoitz Berasategi segurarrak sailkatu ziren bigarren, 86rekin.

Emakumezkoetan, Amasa-Villabonako Bea Unzue eta Aitziber Ugalde nagusitu ziren (59 brila), eta hirugarren izan zen Martxeli Kanflanka ereñotzuarra, Nekane Etxeberria andoaindarrarekin batera.

Bailarako beste bost ere aritu ziren gizonezkoen txapelketan: Joxe Mari Etxebeste astigartarrak eta Mikel Arroio hernaniarrak 77 brila bota zituzten, Leandro eta Iñaki Miner ereñotzuarrek 74, Rosa Santos astigartarrak eta Fernando Gallego hernaniarrak 74, Migel Arrozpide hernaniarrak eta Benito Loitegi urnietarrak 69, eta Patxi Loreak eta Fermin Zuloaga hernaniarrek 65.

Gipuzkoako Toka Txapelketaren aurreneko tiraldia ere jokatu zen igandean Ereñotzun, eta Antonio Amundarain irundarra izan zen onena, 18 jota. Iñaki Maiz gabiriarra izan zen bigarren, 15ekin; eta Fermin Illarramendi zarauztarra hirugarren, 9rekin. Leandro Miner izan zen bailarako aurrenekoa, 7rekin; 6 jo zituen Ibon Minerrek, 4na Rosa Santosek, Iñaki Minerrek eta Joxe Mari Etxebestek, eta 2 Martxeli Kanflankak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!