Ereñotzun zita bihar, Bikotekako Txapelketak

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 14a, 00:00

Ibon Miner ereñotzuarra.

Txapelketaren aurreneko tiraldia jokatuko dute Ereñotzuko bolatokian, goizez eta arratsaldez. Toka saioa ere izango da.

Bihar hasiko dute 2023ko denboraldia, Gipuzkoako bolariek; eta Ereñotzun jarri dute horretarako hitzordua: Gipuzkoako Bikotekako Txapelketaren aurreneko tiraldia jokatuko dute bertan.

Goizez zein arratsaldez izango da tiraldia, Ereñotzuko bolatokian: 09:00etatik 11:00etara, eta 16:30etatik 17:30etara. Gainera, Gipuzkoako Toka Txapelketaren tiraldia ere izango da bertan, ordutegi berean.

Hiru tiraldi eta finala izango ditu Bikotekakoak: Ereñotzun, Olaberrian eta Usurbilen izango dira sailkatze saioak, urtarrileko hiru igandeetan; eta Zerainen finala, otsailaren 4an.

Gipuzkoako Toka Txapelketa, berriz, maiatzera bitarte jokatuko da, bola tiraldiak dauden egun batzuetan bakarrik izango baitira toka tiraldiak: Ereñotzun bertan, Usurbilen (urtarrilak 29), Legazpin (martxoak 5), Altzan (martxoak 12), Herreran (martxoak 26), Belauntzan (apirilak 2), Lasarten (apirilak 23) eta Aian (maiatzak 7).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!