Ereñotzuko Olak Auzo Elkartearen baitan lanean ari den taldeak deituta Herri batzarra izango da larunbatean abenduaren 10ean, 11:00etan, identitatea eta ondarearen inguruko herri proiektuaren nondik norakoen berri emateko. Auzotar talde bat iaz hasi zen proiektuarekin eta urtarrilean egin zen lehen batzarra auzotarrei aurkeztu eta parte-hartzeko aukera eskainiz.
Ondoren martxoan burutu zen bigarren batzarra eta bertatik zenbait aukera eta kezka atera ziren. Proiektu osoa koordinatu eta dinamizatzeko lantalde bat sortu da eta honek bi lehenengo batzarretan ateratako informazioarekin, urtebeteko lanketa diseinatu du. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz progamatik diru laguntza bat ere lortu da. Guzti honen eta hurrengo pausuen berri emango da larunbateko batzarrean.
Hiru ardatz nagusi ditu proiektuak
Urumea bailarako identitatea eta ondarearen inguruko herri proiektuak hiru ardatz nagusi ditu eta hiruretan eman dira aurrerapausoak.
Hasteko, herri mugimenduaren aktibazioa eman da, Olak Auzo Elkartearen baitan lantalde ezberdinak sortuz (identitatea/ondarea palanka moduan hartuta). Jadanik lan talde batzuk martxan dira eta besteren bat martxan jartzeko aukera landu nahi da, auzotarrei partehartzeko proposamena luzatuta.
Ondoren, Ereñotzuko Zentral hidroelektrikoaren gunea berreskuratu eta berrerabilera aukerak aztertu eta landu dira. Auzo udalaren gidaritzapean, lantalde berezi bat sortu da, Zentralaren egoera aztertu eta auzoaren jabetzara pasatzeko leudeken aukerak aztertzeko. Jabetza lortuko balitz, ondoren, bertan zer egin daitekeen erabaki beharko litzateke auzotar guztien artean.
Gero ere, Ereñotzuko Gobernantza ereduan sakondu eta indartu. Proiektu honen helburu nagusia Olak Auzo Elkartearen baitan gai ezberdinen inguruan lantaldeak sortzea eta auzo Elkartea bera sendotzea da. Honek herri garapenean eta Tokiko burujabetzan beste pausu bat ematea ahalbidetuko luke, Auzo udalaren (Erakunde publikoa) eta Olak Auzo elkartearen (Herri mugimendua) arteko elkarlanaren bidez, auzoko beste eragile batzuekin batera.