Igandean jokatu zen Donostian, Herrerako Arrobitxuloko bolatokian, Gipuzkoako Taldekako Txapelketaren finala. Bolatokiaren zailtasunak markatu zuen eguna, trazarekin asmatu ezinik aritu baitziren bolari guztiak; eta hirugarren izan zen Ur Mia, gizonezkoen finalean, 82 brilarekin. Legazpi nagusitu zen, 95 brilarekin; Segura izan zen bigarren, 92 brilarekin; eta Zarautz laugarren, 70ekin. Emakumezkoetan, berriz, Zarautz izan zen txapeldun, 77 brilarekin, Zerainen aurretik (71).
Sei tiraldi egin zituen bolari bakoitzak, eta denen artean, Aner Miner ereñotzuarra izan zen brila gehien bota zituena (29), Elena Aldaz zarauztarrarekin berdinduta. Iñaki Minerrek 20 brila bota zituen, Joxe Mari Etxebestek 18, eta Ibon Minerrek 15.
Bola eta Toka Eguna Hernanin, abenduaren 8an
Berezia izango da hurrengo hitzordua, bailarako bolarientzat. Izan ere, Hernanin ospatuko da aurtengo Bola eta Toka Eguna, hurrengo ostegunean, abenduaren 8an. Goizean, Benta Berriko bolatokian egingo dute tiraldia; eta ondoren, Jauregi jatetxean bazkalduko dute. Bertan, hiru bolari omenduko dituzte: Martxeli Kanflanka ereñotzuarra, eta Fernando Gallego eta Patxi Loreak hernaniarrak.