Final haundia bihar Donostian, Ur Miak

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 26a, 00:00

Herreran jokatuko dute Gipuzkoako Taldekako Txapelketaren finala, Arrobitxuloko bolatokian, goizeko 09:00etan. 

Bihar goizean jokatuko da, Donostiako Herrera auzoan, Gipuzkoako Taldekako Txapelketaren finala. Arrobitxuloko bolatokian izango da, goizeko 09:00etan hasita; eta gizonezkoen finalean ariko da Ereñotzuko Ur Mia taldea, joan den urtean lortutako garaipena errepikatzeko asmoz. Zarautz 1, Segura eta Legazpi izango dituzte kontrario, final horretan. Emakumezkoetan, berriz, Zarautz eta Zerain ariko dira txapelaren bila, 12:00etan hasita.

Lau bolari ariko dira taldeko, eta zortzi bola botako ditu bolari bakoitzak. Horrela, taldeko bolari guztien brilak batuta egingo dute azkeneko sailkapena. Berdinketarik izango balitz, berdinduta dauden taldeetako bolari guztiek botako dituzte beste launa bola.

Bolatoki berria da Arrobitxulokoa, duela bizpahiru urte egindakoa. Ur Miakoek uste dute egokia izan daitekeela beraientzat, Ereñotzuko bolatokiaren nahiko antzekoa delako. Ibon Minerrek, esaterako, tiraldi bikainak egin ditu bertan. «Baina finalaren egunean bota egin behar da, eta edozer gerta daiteke», diote. Gainera, nabarmendu dute Segura dela faborito, oso bolari onak baitauzka taldean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!